Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/09/28

Bai mundu berria! (1999-02-20)

Gure aiton-amonei galdetuko bagenie beren bizitzan zehar zein berrikuntza zientifikok edo teknologikok liluratu zituen gehien, erantzun-sorta oparoa jadetsiko genuke. Nireek, bederen, oso gaitza izango lukete horien artean bat bakarra aukeratzea: automobila, abioia, irratia, telebista, bonba atomikoa, gizakia ilargian, penizilina,… Hain izan da bizkorra XX. mendeko zientzia eta teknologiaren bilakabidea!
Mendearen erdialdean sortu ginenok etxekoak ditugu kontzeptu eta ezagutza asko. Eskolan ikasi ditugu edo etxeko sukaldean ezagutu, baina, halaber, gu ere iraultza teknologiko horren lekuko izan gara. Gure aiton-amonentzat arrotz ziren neutroiak, fotoiak, kuantuak edo geneak: guretzat, aitzitik, ezagun. Bidean ikasi ditugu gerorrek, bestalde, txip, klonazio edo pultsare modukoak.
Zientziak eta teknologiak berebiziko iraultza ezagutu dute agortzear dagoen mende honetan; arian-arian, etenik gabe, gainera. XIX. mendeko fisikaririk handienetako batek, James C. Maxwell-ek, kontzeptualki oso arrotz izango lituzke egungo fisikaren atal asko, adibidez. Munduari begiratzeko ditugun betaurrekoak kristal berriak dauzkate.
Hala ere, eraldaketa zientifiko eta teknologiko horretan zeintzu izan dira egiazko formulazio iraultzaileak? Zeintzuk aldarazi dute munduaren gure ikuspegia? XVII. mendeko zientziaren garapenean Newtonen legeak mugarri izan ziren legez, zerk zedarrituko du XX. mendeko zientzia?
Ausardia izanik ere hiru jaulkiko ditut: teoria kuantikoa, ADNaren aurkikuntza eta ordenadorea. Teoria kuantikoak materiaren egitura azaltzeko erreminta izateaz gain unibertsoaren jatorria eta bilakaera ulertzeko giltza damaigu. ADNaren helize bikoitzak kode genetikoaren liburua irakurtzeko bideak ireki ditu. Ordenadoreek, azkenik, transistorearen aurkikuntzaren ondorioz, informazioa biltzeko, prozesatzeko eta kudeatzeko ahalmen izugarriz hornitu gaituzte. Beste makina bat aurkikuntza eta kontzeptu txundigarri ere garatu dira joan diren ehun urteotan, baina oinarria horietan dago: materian, bizian eta garunean.
Gaurtik aurrera Teknopolisen zientzia ulergarri zure esku.

2005/09/20

Universitas (1999-02-13)

Aurreko astean egunkari honen 'galdeiozu' atalean euskal unibertsitateaz galdetu zioten Juan Ignacio Perezi. Epe laburrean ez zuela posible ikusten erantzun zuen eta etorkizunari begira ez lukeela horren alde egingo gaineratu zuen eleaniztasuna aberasgarria dela argudiatuz.
Perez Iglesiasen iritzia ez da ohizkanpokoa unibertsitateko irakasle euskaltzaleen artean. Pisuzko irakasle bati baino gehiagori entzun diot EHUren kasuan ez litzatekeela komenigarria izango unibertsitatea bitan banatzea hizkuntz irizpidea oinarritzat harturik. Argudioa aldatzen da EHUko euskararako erretoreordearen kasuan. Besteek, irakaskuntza- zein ikerketa-ekoizpena ahultzea, azpiegituren bikoizketaren arazoa eta euskarazkoa bigarren mailakoa gertatzea aipatzen dituzte argudio nagusi legez.
Eleaniztasuna aberasgarria da, jakina. Alabaina, nola gauzatzen da eleaniztasuna unibertsitate batean? Funtzioei erreparatzen badiegu hiru alor nagusi daude unibertsitatean: irakaskuntza, ikerketa eta barne-zerbitzuak. Irakaskuntzan ikusten dut eleaniztasuna; ohizkoa den komunikazio-hizkuntzaz gain beste hizkuntza batzuez zenbait eskola hartzea mesede egingo dio ikasleari. Ikerketan, bestetik, atzerriko ikerlariak ikerketa-taldeetan integratzen diren heinean elkar ulertzeko lingua franca bat beharko dute, normalean berezkoa izango ez dena. Zerbitzuetan, ordea, ez dut eleaniztasun iraunkorrik posible ikusten. Unibertsitateetan zein bestelako edozein erakundetan kudeaketarako hizkuntza bakarrak iraun dezake luzaroan. Euskal Herrikoetan itxurazko elebitasun iragankorra gertatzen da orain, nahiz eta benetan erdara izan komunikazio-hizkuntza. Egoera horrek modu bateko edo besteko elebakartasunera joko du; dudarik ez egin.
Beraz, neronek euskal unibertsitatea irudikatzen dudanean euskaraz osotasunean arituko den erakundea ikusten dut, non eleaniztasunezko esparruak egongo diren. Etorkizuna horrek behar du izan, euskararen normalizazioan benetan sinesten badugu. Bestela, jai dugu, eskolak euskaraz eman, baina erdaraz lan egingo duten unibertsitateak izango baititugu.

2005/09/12

Txarrena gogoratzea da onena (1999-02-06)

Horrela dio esaera zaharrak. Egia esateko horrelako joera agerikoa izaten dugu gizakiok. Zerbait baloratu edo hari buruz iritzia eman behar dugunean, alderdi negatiboa azpimaratzera jotzen dugu maiz. Akatsak, hutsak eta hobenak seinalatzen ditugu lehenik eta gero, apika, onurak eta aldekotasunak. Botila erdi hutsa, botila erdi betearen gainetik. Halaber, inork ezin du iturri horretatik edan ez duenik esan; nik neronek lehena. Mac-aren aurrean 'seiko' hauek tajutzen jartzean, behin baino gehiagotan joan zaizkit hatzen pultsazioak negatibotasunaren bidetik.
Bestetik, ideia eta jarrera positiboen aldeko kultura zabaltzeko joerak agertzen ari dira gure gizartean. Planteamendu horren bueltan idatzi omen du Eugenio Ibarzabalek bere atzen liburua (Vade retro! Eugenioren hizkuntz aukerak negatibotasunetik idaztera tentatu bainau) eta patxadaz irakurtzeko intentzioa daukat, zer ikasia egongo baita bertan.
Euskararen munduan ere aspalditxotik ari gara ikuspegi horretatik lan egin nahian. Horren lekuko Kontseiluaren diskurtsoa: mezu positibo eta integratzaileak bilatuz euskararen mundua zabaldu eta indartzeko. Bestelako bideak jorratu izan ditugu sarriegi euskalgintzako agenteok. Mezu uxatzaile eta jarrera negatiboak barreiatu izan ditugu gure bidezko eskakizunak gizarteratzeko, artez egiten ari ginela pentsatuz, gainera.
Zer landua badugu oraindik, hala ere. A eredua dela eta egunkari honetan bertan leitu berri dudanak energia negatiboa transmititu dit. EHE burutzen ari den kanpainari buruzko berriak ziren. Oso ados nago A ereduak ez duela hori hautatzen duten haurren euskalduntasuna bermatzen. Are gehiago, poztu egingo naiz A eredua euskal hezkuntza-sistematik desagertzean. Onuragarriak dakuskit bide horretan egin daizteken proposamen eta ekimenak ikuspegi positibo eta integratzailetik egiten badira. EHEren kanpainaren tonuak eta estiloak, ordea, uzkurrarazi naute gibeleko mezuarekin bat natorren arren. Beraz, uzkur eta zalantzaz egon daitezkeenak…
Gaizki esanak barkatu.

2005/09/06

Mens sana in corpore sano (1999-01-30)

Aste honetan jaso dut EAJk eta EAk 1999-2002 legegintzaldirako izenpetutako koalizio-akordioa. Estimatua benetan Komunitate Autonomoko gobernuak egin asmo duenaz lehen eskuko informazio hau.
Ez dut egia esan osorik leitzeko betarik izan, baina nire interes gertueneko alorrei dagozkien hitzarkinak, kultura eta hizkuntz politikazkoak hain justu, patxadaz aztertu ditut. Oso harrituta gelditu naiz, egia esan, bi orrialde eta erdiko luzera duen testuan bi lerro baino ez direlako usatzen kirolaren alorreko egitasmoak zuritzeko. Eskasa deritzot.
Ikuspegi lerratua izan dezaket jakina. Izan ere, hamaikatxo urte ibili izan naiz hango eta hemengo zelaietan meloi itxurako baloi baten peskizan lokatzez igurtzita eta elkarri igurtzika; ibili banabil oraindik, izerditan blai, bide batzerretan korrika txikitan eta ahaztu dut zenbat urte egin ditudan kirol-klub amateur baten zuzendaritzan. Horrek kutsua damait.
Ez deritzot, hala ere, nire iritziari ez-ohizkoa. Gure gizartean balio positiboa du kirol-jarduerak, ezin uka. Osasunaren ikuspegitik begiratuta dudarik ez dago: mens sana in corpore sano. Halaber, balio hezitzaile eta kultural agerikoak ere baditu. Hitzetik hortzera entzuten da ume eta gazteen hezkuntzan kirolak duen betebehar oinarrizkoa: talde-lana sustatzeko, ahaleginaren beharra baloratzeko edota bizitzaren arriskuetatik (droga-mepekotasunetik, jokamolde antisoziletatik,…) aldentzeko. Bestalde, herri baten identitatearen zati bat izatean datza kirolaren kultur balioa: gure herri-kirolak lekuko.
Kirolak akordioan aipatzen diren bi orokortasunak baino gehiago merezi zuen. Kirol-politika zehatza zirriborratu behar zen. Besteak beste, honelako galderei erantzun eman behar zitzaien: kluben egiturak sendotzeko politikarik espero al daiteke? Kirol-modalitate guztiak sustatu behar al dira ala jakin batzuk bakarrik? Euskal kirolaren nazioarteko presentzia indartuko al da?
PD Lerro hauek idatzi eta egunkarira bidali ostean, Imanol Agote sailburuordearen artikulua irakurri dut aste honetako Argian. Hor behintzat, egitasmo zehatzagoak aipatzen dira.