Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/03/19

Baikonur (1999-07-17)

Kazakhstango eremu zabaletan galdua. Goi-mailako teknologia estepan. Kontraste handiko lurra. Klima kontinentalaren paradigma: negu oso hotzak eta uda oso beroak. Paraje idorra gainera. Sistema sobietarraren gailurra eta amildegiaren erakusgai ere bada. Bakea aitzaki liskar diplomatikoa piztu da.
Hamahiru urte daramatza teknologia astronautiko sobietarraren harri bitxiak, Mir (bakea, errusieraz) estazio espazialak, Lurrari jira-biraka, atzen hatsa botatzeko prest, agonia luze batean. Inperioaren erorketaren lekuko izan da eta desintegrazioaren ondorioak pairatzen ari da, bakean ezin adio esanik.
Diruaren agonian bizi da Errusiako Espazio Agentzia. Ontziak espaziora bidaltzeko fondoak ezin eskuratuz, bere teknikariak ezin ordainduz… Garai bateko loria eta ospeari eusteko baliabideak murritz. Bizkitartean, inperioko bitxiaren distira moteltzen ari da. Eta Baikonurren askoren galdera edo kezka, eta gero zer? Miren heriotzak betirako bakea ekarriko al du munduko bazter honetara? Kohete-motoreen orroa isilduko al da betirako?
Historiaren ironia! Lehen arerio izan zituenak izan daitezke, gaur, salbamendu-esperantza. Nazioarteko Espazio Estazioaren karian EEBBetatik datorren diruak eusten dio, nolabait, astronautika errusiarri. Espazio-esplorazioaren naziartekotasun-kontzeptu berria dute lagun, espazioko nazioartekotasuna lehen-lehenik aplikatzen hasi zirenen oinordekoek. Ez dezagun bada ahantz, sobietar edo estatubatuar ez diren espazioan ibilitako gainerako gizakiak kosmonauta izan direla astronauta izan baino lehenago. Propaganda, nagusitasuna erakutsi nahia, izango zen helburua noski, baina europarrok Baikonurretik abiatu ginen espaziora lehen aldiz.
Malenkoliaz eta, aldi berean, liluraz beterik daude lerro hauek. Baikonur balentria askoren abialekua izan da; ni ametsetan jarri nauten izen askoren habia: Gagarin, Venera, Mir… Ez dut zoritxarraren iragarle izan gura, baina aste honetako Errusia eta Kazakhstanen arteko liskar diplomatikoak zain txarra eman dit, azken hondamendiaren estraineko seinalea izan baitaiteke. Amesgaiztoa izan dadila!

0 Comments:

Post a Comment

<< Home