Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/01/21

Bidegorriez (1999-05-29)

Kontxan bidegorria ezartzea urtetako eztabaida dugu Donostian. Argi egin asmoz edo, esperimentu bat burutu du udalak; atzen erabakia hartzeko prozedurari kutsu zientifikoa eman nahiez, antza. Maiatzaren hasierako hainbat egunetan autoentzako erreietako bat behin-behineko bidegorri bihurtu du eta trafikoari nola eragin dion ikertu. Apika, autoen zirkulazioari kalterik egin dion neurtu duela esatea zehatzago izango litzateke.
Joan den igandean, azterketaren ondorioen berri ekarri zuen egunkari batek; horri hainbaten iritzia eransten zion. Horietako batek hauxe zion: 'ez dira errentagarriak izango, bidegorriak nagusiki igandeetan erabiltzen dira eta Kontxako trafikoa egunerokoa da, etengabea eta bazterrezina'.
'Hortxe zeok, ba, koxka!' pentsatu nuen leitu orduko. Gure artean, automobila da nagusi hiri barneko trafikoan. Bizikleta, aitzitik, salbuespena. Zergatik hori? Azpiegitura egokien eza edo kalean bizikletaz ibiltzearen arriskua aipa litezke. Bi faktore horiek pisuzkoak izanik ere, arazoaren muina kulturala da. Gure gizarteak bizikleta kirolarekin lotzen du nagusiki; denbora librean erabiltzeko tresnazat jotzen du, oro har.
Bestetik, Tübingendik etorri berria nintzen. Kontraesana eta kezka barnean nekartzan. Bertan hiri-antolaketari buruzko bestelako ikuspegia dago, aurreratuagoa nik uste. Ekologikoagoa gainera. Trafikoaren ikuspegi orokorragoan oinarritzen da hiriaren garraio-antolaketa. Garraio-modu guztiak integratzen ditu. Trafikoa ez da automobilaren menpe antolatzen, garraio publikoaren arabera baizik eta bizikletari pisu nabarmena ematen zaio: kale guztietan bidegorriak daude, esaterako. Ondorioa: kale nagusian, eguerdi aldean, asfalto gainean autobusak eta bizikletak jaun eta jabe.
Kultura kontua dela esan dut eta kultura berri batera aldatu behar dugu, nik neronek lehen-lehenik. Alabaina, ohiturak aldatzeko presioa behar dugu gizakiok. Hortxe dago gure arduradun politikoen lana: ausartak izatea, hiri-trafikoan autoaren nagusitasuna apurtzeko arauak bultzatzea eta aldaketaren hasieran piztuko den zalapartari eustea. Gizakiok moldakorrak ere bagara gero, eta erraz aldatzen ditugu ohiturak; oinezkoentzako kaleak lekuko.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home