Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/11/08

Korrika (1999-03-27)

Bada filme britainiar famatu bat, zinezaleen artean ospetsua bederen, Iraupen-korrikalariaren Bakardadea izenekoa. Euskararen normalizazioari buruzko nire baitako gogoeta egin dudanean, filme horren izenburua etorri zait burura sarritan. Izan ere, eguneroko gure jarduna adierazteko metafora egokia dela iruditzen zait.
Euskalgintzaren agenteen ibilbidea eta zeregina iraupeneko lasterketaldi luzean dabilen atletaren jardunarekin konparatzen ditut. Asfalto lau eta erosoaren gainean dabilen maratoilariarekin ez baizik eta cross-countryan lokatzez zamatutako zapatilekin dabilenarekin. Lasterka doanean gibelerantz so egiten badu, bide luzea egin duela ikusten du; indarberrituta sentitzen da. Alabaina, egiteke duena irudikatzen duenean nekeak eta flakiak erasotzen dute; helmuga ez du ikusten. Hurbilago ordez, urrunago iruditzen zaio. Iheska dabikiola sentitzen du. Oraindik aldatz pikoak igo behar ditu, errekak eta putzuak zeharkatu beharko ditu, hesien gainetik jauzi egin beharko du eta zapatilak basatzan lurrari itsatsita geldituko zaizkio. Jakitun da. Beldur da, halaber, orkatila bihurri lieziokeen zulo ezkutu maltzurraz, lasterketaz at utziko duenaz. Basotik irten eta zer topatuko duen kezkatzen du. Izu da gainditu ezinezko oztopoa aurkitu dezakeelako.
Bakarrik doa gainera. Aurretik doaz bera baino indartsuagoak eta atzean laga ditu bera baino ahulagoak. Ez ditu ikusten. Jendearen txaloak eta animoak ere ments ditu. Amore emateko tentatuta dago.
Ez du etsiko, hala ere. Buruak pauso bat eta beste bat egiteko agintzen die zangoei. Muskuluen mina aurrera egiteko indar bilakatzen da. Gibelean utzitako oztopoak gainditu izana datorrenari aurre egiteko kemena da. Helmugara ailegatzeko tema du. Helburu bakarra: iristea.
Horrelakoxea ikusten dut euskararen normalizazioaren ibilbidea. Oztopoz jositako lasterketa; asko pasatu ditu, baina hamaika gainditzeko oraindik. Korrika, bestetik, euskalgintzaren lasterketaldi horren bi urtean behingo liturgia indartzailea; akidura eta flakia sendatzeko botika.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home