Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/09/12

Txarrena gogoratzea da onena (1999-02-06)

Horrela dio esaera zaharrak. Egia esateko horrelako joera agerikoa izaten dugu gizakiok. Zerbait baloratu edo hari buruz iritzia eman behar dugunean, alderdi negatiboa azpimaratzera jotzen dugu maiz. Akatsak, hutsak eta hobenak seinalatzen ditugu lehenik eta gero, apika, onurak eta aldekotasunak. Botila erdi hutsa, botila erdi betearen gainetik. Halaber, inork ezin du iturri horretatik edan ez duenik esan; nik neronek lehena. Mac-aren aurrean 'seiko' hauek tajutzen jartzean, behin baino gehiagotan joan zaizkit hatzen pultsazioak negatibotasunaren bidetik.
Bestetik, ideia eta jarrera positiboen aldeko kultura zabaltzeko joerak agertzen ari dira gure gizartean. Planteamendu horren bueltan idatzi omen du Eugenio Ibarzabalek bere atzen liburua (Vade retro! Eugenioren hizkuntz aukerak negatibotasunetik idaztera tentatu bainau) eta patxadaz irakurtzeko intentzioa daukat, zer ikasia egongo baita bertan.
Euskararen munduan ere aspalditxotik ari gara ikuspegi horretatik lan egin nahian. Horren lekuko Kontseiluaren diskurtsoa: mezu positibo eta integratzaileak bilatuz euskararen mundua zabaldu eta indartzeko. Bestelako bideak jorratu izan ditugu sarriegi euskalgintzako agenteok. Mezu uxatzaile eta jarrera negatiboak barreiatu izan ditugu gure bidezko eskakizunak gizarteratzeko, artez egiten ari ginela pentsatuz, gainera.
Zer landua badugu oraindik, hala ere. A eredua dela eta egunkari honetan bertan leitu berri dudanak energia negatiboa transmititu dit. EHE burutzen ari den kanpainari buruzko berriak ziren. Oso ados nago A ereduak ez duela hori hautatzen duten haurren euskalduntasuna bermatzen. Are gehiago, poztu egingo naiz A eredua euskal hezkuntza-sistematik desagertzean. Onuragarriak dakuskit bide horretan egin daizteken proposamen eta ekimenak ikuspegi positibo eta integratzailetik egiten badira. EHEren kanpainaren tonuak eta estiloak, ordea, uzkurrarazi naute gibeleko mezuarekin bat natorren arren. Beraz, uzkur eta zalantzaz egon daitezkeenakā€¦
Gaizki esanak barkatu.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home