'Quisiera ser ministro kulturakoa' (1998-12-05)
Gaitza daukat lagunok inongo alderdiren karnetaren ezean, posturako beharrezko diren dohain eta bertuteen jabe izango banintz ere. Kontsolatzea badaukat, alta, larunbateroko zutabetxo honek fikzioa lantzeko aukera eskaintzen baitit. Beraz, neure burua kultur sailburutzat hartu eta zer eginen nukeen jaulkiko dizuet. Barrikadaren beste aldean egotea egokituko zait 3.000 karaktere inguruko tartean besterik ez bada ere.
Horiek guztiak horrela eta, bigarren abizena Fernandez edukitzeak hurrengo jaurlaritzako sailburu izateko lagunduko du, ezta?
Lehen-lehenik, Hizkuntza Politikarako Sailordetza nire agindupetik kentzeko esango nioke Juanjo Ibarretxeri (ordurako Juanjo deitzeko nahikoa konfiantza edukiko dut eta). Baten batek pentsatuko du jada, 'lixto honek istiluak gainetik kendu nahi ditu'. Euskalgintzako bidaide ohiekin sesioak saihestea ez da arrazoi makala, aldi berean UA eta enparauekin baztertzen badituzu gainera. Hala ere, eraginkortasun kontu hutsa da. Administrazioaren egitura dela eta Kultura menpeko HPS batek eragin eta itzal txikia du gainerako sailetan, norbera bere etxearen jabe baita. Beraz, Jaurlaritzaren sail guztiak azpian izango lituzkeen Hizkuntza Politikarako lehendakariorde bat (HPLO?) izenda zezan aholku emanen nioke eta, halaber, sail guztietan HPS txikiak eraraziko nituzke.
Bigarrenik, ETBren eredua gogor astinduko nuke, balkoitik esekitako alfonbrak astintzen diren legez, entzule-kopuruaren harrak, zorriak eta hautsa haize-erauntsi batek urrun eraman ditzan. BBCko zuzendari orokor John Birt-ek esandakoa kaskoan ondo sartua edukiko luketen pertsonak izendatuko nituzke ETBko arduradun: 'BBCk eskaintzen duena eta merkartuak eskaintzen duena arras eta zeharo desberdinak dira. Egiazki, horrela izango ez balitz, BBC justifikatzerik ez litzateke egongo.'Eta ETB3 sortuko banu, euskarazko katea tematikoa?
Hirugarrenik, Euskaltzaindiari XIX. mendeko lan-moldetatik ateratzeko eta XXI. mendeko moldera etortzeko bidea jarriko nioke. Hau nire ardura ala HPLOrena izango al litzateke? Lehen gobernu-bileran argitu beharko dugu, alajaina!
Laugarrenik, Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sortuko nuke. Liburutegi hitza zentzu zabalean ulertu beharko litzateke eta bertan, besteak beste, Euskal Herriko kultur produkzioa, arte plastikoena izan ezik, bildu, gorde eta sailkatuko litzateke.
Bosgarrena eta ez horregatik atzena, kirola izango dut mintzagai. Behingoan kirolari ohi bat izango genuke kirolaren arduradun gure komunitate autonomoan eta horrek, apika, beste jite bat emango lioke kudeaketari. Bi ardatzen inguruan landuko nuke alorra: oinarrizko kirola sendotzen eta euskal kirolaren presentzia nazioartean bultzatzen. Ikuskizun-kirol profesionalak, adixkideok, ez luke nire eltzeko babarrunik janen.
Beno, jaulki dizkizuet asmoetako batzuk eta gehiago jakin gura baduzue, kultur sailburu izendatu beharko naute: gaitza, gaitza!
darĂa yo al Kontseilu, maitia, diruba nahikua'.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home