Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/03/22

Nobel Sariak (1998-10-10)

Nobel sarien dantza hasi da jada. Nobel Fundazioak, ohizkoa duen erritualari jarraituz, 1998ko Nobel sarien irabazleak aldarrikatuko ditu datorren astean zehar: Fisologia eta Medikuntzakoa astelehenean, Fisikakoa eta Kimikakoa asteartean, Ekonomiakoa asteazkenean eta Bakearena ostiralean. Halaber, tradizioak Literaturazko sariaren irabazlea gainerantzekoak baino aste batzuk geroago iragartzea agintzen zuen, hala ere, aurtengo irabazlea Jose Saramago portugaldarra dela badakigu herengunez gero.
Dudarik gabe, Alfred Nobelen legatuaren itzalean sortutako sariok mundu-mailan banatzen diren sari handienak eta entzutetsuenak dira. Irabazleari ospearen eta aintzatespenaren ateak zabaltzen zaizkio: lankide-zirkuluetatik at ezezaguna den fisikaria, esaterako, medietako izar bihurtzen da bat-batean eta aurrerantzean unibertsitateak, enpresak eta enparauak atzetik izango ditu beraien gonbidatua izan dadin hitzaldi edo ekitaldietan. Bestetik, zorioneko fisikari horri narbarmen gizenduko zaio poltsa. Izan ere, 1998ko Nobel sari bakoitzaren ekarpen ekonomikoa 7,7 milioi suediar koroa izango da (138 milioi pezeta edo 5,5 milioi libera). Merezimenduz, hala ere.
Antza, euskal hiritarrok urrun gaude Nobel sarien zirkuitutik. Iraganari erreparatzen badiogu, sarien ia ehun urteko historian huts egin dugu Pirinioen bi aldeoan kantuan eta dantzan egiten ei duen herri honen kideok. Baina, herritartasunaren bahearen sare-begia zabaltzen badugu, Nobel saridun bat edo beste harrapatzen dugu, jatorriz edo zirkunstatziaz. Bi izen datozkit tupustean gogora eta, apika, ez dira gehiago izango: jatorriaren arauan, Luis Federico Leloir Aguirre argentinarra (Kimika, 1970) eta zirkunstantziari jaramon eginez, Santiago Ramon y Cajal petillarra (Fisiologia eta Medikuntza, 1906). Uzta eskasa, alajaina!
Besteak baino eskaxagoak al gara euskaldunak? Ez zait iruditzen, Nobel saridunik gure artean ez izatea gure kultur eta unibertsitate-historia kamutsaren ondorio baino ez da. Etorkizunean esperantza izan behar dugu.
Zientziaren alorrari mugatzen bagatzaizkio, pista polit bat eman zuen Pedro Migel Etxenikek Asturiasko Printzearen saria eman ziotenean. 'Nobel saria noizko?' galdetu zioten: 'Nirea bezalako ehun ikerketa-talde behar dira Euskal Herrian Nobel sariaren aukera izateko'. Hitz zuhurrak ezpairik gabe. Euskal Herrian goi-mailako zientzia jaioberria da, aurrerantz azkar egiten ari bada ere. Gure erakunde publikoek zientzia eta teknologiaren garapena sustatzeko eginiko ahaleginak dira, besteak beste, euskal zientziaren susperraldiaren erantzuleak.
Alabaina, Pedrori arrazoia emanik ere, esperantzarik ez dut galtzen epe ez horren luzera Nobel saridunen artean euskaldunik egongo denik. Ez, akaso, Euskal Herrian lanean ari diren zientzilarien artekoa, bai, ordea, hor munduan zehar ospe handiko laborategi eta enpresetan barreiatuta dauzkagun garun horien arteko bat. Batzuk, behintzat, Nobel sarien zirkuituetan sartzeko paradan egon daitezke. Izan ere, merezimendu guztiak landa, Nobel saria jasotzeko 'une egokian, toki egokian' egotea ere beharrezkoa da.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home