Abiatzeko alegia (1999-9-26)
Etxeko egongelako nire besaulkian nago. Umeak ohean dira jada. Bukatu dira builak eta algarak eta lasaitasuna nagusitu da. Egunkariaren orrialdeak pasatzen ari naiz nagiki. Apenas erreparatzen diot titulu edo argazki ez den beste ezeri. Kulturako orrialdeetan berri laburren zubate batera joan dira nire begiak oharkabean. Hortxe egin dute planto.
Hasperen egin dut. Egunkaria belaunen gainean utzi dut zabalik. Aurrez aurre egongelako liburutegia agertu zait. Ordena handirik gabe pilatuta daude liburuak apaletan: handiak txikien ondoan; poltsiko-edizioak luxuzkoen aldamenean; garestiak eta merkeak; euskaraz zein beste hizkuntzaz; zaharrak nola berriak; zutik zein etzanik.
Begiak korritu ditut apaletan zehar. Liburuak ez ditut ikusi, baina sentitu egin ditut, laztandu egin ditut. Jakin badakik, telebistaren gaineko apalean, Etorren liburuxka horien artean, gaztaroan mundu berri bat zabaldu zidan Txillardegiren 'Hizkuntza eta Pentsakera' dagoela eta saski-naski berean Kintanaren 'Behin Batean', orduko 'gorrien' argitaletxea zen Lurreko beste batzuekin batera.
Klasikoak sailekoak txukun-txukun ordenatuta daude erdialdeko apal bitan. Eder egiten dute. Egia esan, hatzen laztan gutxi izan dituzten beren orrialdeek. Ez dira klasiko horiek gehienak nire gustuko irakurgaiak. Ondoan jarrita ditudan 'El Solar Vasco-navarro' sailekoek ez dute patu bera izan. Zaharraren usainarekin batera dute usatuarena. Zenbat datu jakingarri bildu ditut orrialde lodi horixka horietan!
Elhuyar. Zienzia eta Teknika aldizkariaren bilduma gradu askoko alkohola gordetzen dugun armairuaren ondoko apalean dago. Kontzidentzia hutsa, bateren bati besterik otu bazaio ereā¦
Beste geletan sakabanaturik dauden ehundaka liburuak ezin ditut ahaztu. Umeen gelan, gure haur garaiko Mortadelo eta Filemon edo Titin-en abenturak eta gaurko umeen Xirrista edo Teo. Nebaroko Enid Blynton eta Burroughs-en Tarzan hor dituzte zain, beste anitzen artean.
Langelako, Mac Plus xaharraren parez pare, lanerakoak: hiztegiak eta karrerako testuliburuak, besteak beste, UEU hasierako 'inkunableak' apalategikide dituztelarik. Piskunov-ek eta enparauek hauts piska bat pilatu dute, baina formulaz hornitutako orrialdeek kontsultak ez dituzte oraindik falta.
Gure liburutegi sakabanatuaren miaketari utzi diot, zientzi fikzioraino ailegatu gabe, bidenabar. Begiak itxi ditut. Hasperen egin dut. Amets egin dut. Etxeko egongelan liburuz inguratuta, British Libraryren gela zirkular ospetsuan eserita nengoela iruditu zait. Amets hutsa, badakit! Ehundaka liburu batzuk milioikoa liburuen aurrean. Alta, amets egin dezagun liburu-piloekin, esaerako txerriak ezkurrekin bezala. Izan ere, 'Ia bi milioi liburuentzako tokia du Kataluniako Liburutegiak'
0 Comments:
Post a Comment
<< Home