Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/03/15

Elkar hartu (1998-10-3)

Egia esan, aitor dezadan, elkar hartu esapidea berria egin zitzaidala Mari Karmen Garmendiaren ahotan duela hainbat urte entzun nuenean. Hain segur, lehenago ere entzuna edo irakurria izango nuen, baina gure Kultura Sailburuari zor diot esapide horren ezagutza kontzientea.
Bereiz, elkar eta hartu ez dira halako hitz handi-mandiak. Hiztegietako beste milaka horien kasta berekoak dira, kolore eta adierazgarritasun apartekorik gabekoak. Baina, bien batura beste kontu bat da: elkar + hartu.
Bi osagaion batura hasiera-hasieratik iruditu zitzaidan indar handikoa; adierazgarritasun sakonekoa. Bat gehi bat bi baino gehiago dira kasu honetan. Ondorioz, elkar hartu nire hitz eta esapideen altxorrean gorde nuen kutunki. Harez gero, erabili izan dut, tentuz eta neurriz beti ere.
Garai haiek, bestetik, ez ziren xamurrak euskalgintzan, ez behintzat elkar hartzeko modukoak. Mesfidantzak, susmoak eta zalantzak usu korritzen zuten. Euskalgintzaren agenteen eta administrazio publikoaren arteko ezinegona nabarmena zen. Lehenek ez zioten oso egoki eta nahikoa irizten erakunde publikoen jardunari eta erakunde publikoek, bestetik, gizartean sortzen ziren mugimenduen atzean mamuak ikusteko joera nbarmena zuten. Egunkari hau berau horren lekuko. Gainera, euskalgintzaren herri-mugimenduen artean ere ez ziren kalapitak eta ezinegonak falta.
Garaiak aldatuz joan dira. Mesfidantzak, susmoak eta zalantzak uxatu edo egin dira. Herri-mugimenduak gizarte-erakunde bihurtu dira. Batzuek eta besteek, elkarri hurbiltzeko ahaleginak egin dituzte eta hortxe daude fruituak: aspaldi bateko susmagarriak Euskararen Aholku Batzordean eta gizarte-agenteek Biziberritze Plan Nagusiaren erredakzioan eginiko lan eta ekarpenak.
Bide horretan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua dateke garai berri hauen adierazgarririk behinena. Kontseiluan elkar hartu dute, estrainekoz, euskalgintzako kolore guztietako gizarte-erakundeek. Hainbat ezaugarrik defini dezakete kontseilua: interlokuziorako erreferente, gogoetarako bilgune, diskurtso berritzailearen eragile, ilusio-piztaile, euskalgintzaren barne-kohesiorako erreminta, etab. Horietako guztietako bakoitzak, dudarik ez, Kontseiluaren betebeharren zati bat definitzen du. Hala eta guztiz ere, Kontseiluaren ezaugarri eta indar nagusia hau da: euskalgintzako agenteok elkar hartzeko gunea izatea. Kontseiluak hor du indargunea. Kontseiluan euskalgintzaren agenteok elkar hartzen badugu, euskalgintzak tinko aintzinatzeko erreminta erabakigarria izango da. Baina, elkar hartzea geronen aukera da eta geronek onartu behar dugu.
Gaur Zamunion abian jartzen den XXI. Mendeko Akordioa: Bai Euskarari kanpainan, elkar hartuta euskalgintzarentzat horizonte oparoagoak lantzen hasteko parada ezinobea dugu. Elkar hartu.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home