Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/05/03

Buenos Aires (1988-11-21)

Argentinako hiriburuaren izena aipatu orduko tangoa etortzen zait gogora eta Mi Buenos Aires querido hasten naiz kantatzen nire baitan. Tango-doinurik ez duen giro nahasia ibili da Buenos Airesen egunotan. Klima-aldaketari buruzko goi-bilera oilategi eta pertsiar merkatuaren arteko zerbait izan da, presio-talde desberdinen interesak direla kausa.
Maiz, goi-bilera hauen lanei buruz irakurtzen dudanean inpresio mingotza gelditzen zait. Nire lagun batek 'zezenak plazara atera, buelta bat eman eta berriz torilera' esaten du gai edo arazo baten inguruan interesik egon ez, baina interes-plantak egin behar direnean. Bada, Buenos Aires eta enparauetan horrelako zerbait egiten dutela susmoa dut: ikusi nola kezkatzen garen klima-aldaketarekin! Atzean, ordea, zezenari adarretatik heltzeko benetako interesik ez dago edo, beste modu batera esanda, gaurko estatusari eusteko interes gehiegi.
Zer lortu da Buenos Airesen? Hitz asko eta gauza ukigarri gutxi. Horien artean hauek dira aipagarrienak:
- Kiotoko Protokoloa abiarazteko neurriak, arauak eta helburuak markatuko dituen 2000 Agenda izeneko lan-programa.
- GKEak klimaren konbentzioan negoziatuko duten organoetan egotea.
- Montrealgo eta Kiotoko Protokoloak bateratzea aztertuko duen plataforma bat abiatzea.
- Atmosferako gasak aztertzeko eta zaintzeko mundu-mailako sistema emendatzea eta hobetzea.
- Teknologi transferentzia sustatzea.
- Klimaren Konbentzioko eta Ingurugirorako Mundu Fondoko finantz mekanismoak arintzea eta sustatzea.
Garbi dago klima-aldaketaren auziari tinko heltzeko neurri eraginkorrenak ez direla. Buenos Airesen, lehenago Kioton legez, norberaren interesak guztion interesak baino pisu handiagoa izan dutela. Berotegi-gasen isurle handiena den Estatu Batuen jarrera eragozlea erabakiorra izan da eta beste estatu industralizatuek, Europako Batasunak bereziki, neurri eraginkorragoak hartzeko eginiko ahaleginek enpresa estatubatuarren jarrera itxiarekin egin dute topo.
Irispide motzeko jarrera nabarmena da. Euskal esaera zaharrak dioen bezala 'gaurko ogia, biharko gosea'. Bestalde, kontraesankorra badirudi ere, 'biharko ogiari' begira jartzen ari dira munduko petrolio-enpresa nagusietako batzuk. British Petrolium-ek eta Shell-ek esaterako berotegi-gasen beren emisioak 2.010 urterako % 10 murriztuko dituztela iragarri dute, hots, Kiotoko Protokoloaren arabera estatu industrializatuek murriztu beharko luketen batez besteko % 5,2 baino gehiago. Bestetik, Monsanto-k, nekazaritza-negozioaren erraldoiak, iragarri duenez, ikerketa-inbertsio handiak egingo ditu lurzoruak atmosferako karbono(IV) oxidoa zurgatzeko mekanismoak aztertu eta hobetzeko bideak jartzeko.
Korporazio handi hauen jarrerari buruz iruzkin zinikoak egitea erraza da. Aldaketaren atzean interes ekonomikoak daude jakina. BP eta enparauak ez zaizkio, bat-batean, fede ekologistari atxiki. Dena dela, ongi etorria jarrera berria, baldin eta klima-aldaketaren auzia berbideratzeko modua egiten bada. Izan ere, Kioton eta Buenos Airesen gobernuek defenditu dituzten interesak, beren estatuetako industria eta enpresena izan da eta hauek 'berdeagotzen' badira, horrelaxe egingo dute gobernuek ere

0 Comments:

Post a Comment

<< Home