Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/04/15

John Glenn (1998-10-30)

Joan den osteguneko ilunabarrean Floridako CaƱaveral lurmuturreko NASAren jaurtiketa-basetik Discovery transbordadore espazialaren beste misio bat abiatu zen koheteen burrunba artean. Zientziaren eta espazioaren esplorazioaren ikuspegitik ez du misio honek, aurrekoen aldean, interes berezirik. Dena dela, komunikabideek luze eta zabal tratatu dute. Zer dela eta? Espainiakoen aldetik argi eta garbi dago zergatik; astronauta espainiar bat abiatu baita bertan. Munduko komunikabideen interesgunea John Glenn izan da, aitzitik.
John Glenn, espazioratutako lehen estatubatuarra! Duela 36 urte Merkurio kapsula txiki batean hiru orbita egin zizkion Lurrari. Estatu Batuen heroi bihurtu zen, gazteek jarraitu beharreko eredua, baina ohore eta ospe horrek espaziora itzultzea galarazi zion. Bidaiaren ostean John Glennek bere hirikideen miresmena zuen, baina NASAn espaziora berriro noiz joango zen galdetzen zuenean, ez zioten erantzun garbirik ematen. Luzamendutan ibiltzen zitzaizkion. Antza, Kennedy presidentearen agindua izan zen Glenn gehiago ez espazioratzea, istripu bat jazo eta heroia hiltzea beldurra ei zuen. Azkenik, egoerarekin gogaiturik, Glennek NASA utzi zuen 1964ean. Itxuraz, espazioaren ateak betirako itxi zitzaizkion, baina berriz, 36 urte geroago, espazioan da.
Zerk bultzatu du negozio-gizon ohi, presidente-hautagai ohi eta senadore hau espaziora bidaiatzera? Ez da erraza jakitea gizon baten garunaren barruan zer dagoen edo bere ekintzen atzen arrazoia zein den, baina, kasu honetan bederen, espazioaren mira izan da Glennen arrazoi nagusia. Jakina, 1963 eta 1964ean pilatutako fustrazioaren grinak ere pisua izango zuen bere deliberoan. Duela 36 urte izan ez zuen zortea izan du orain. Patuak abegitsu hartu du. Izan ere, NASAri Glenn orduan espazioratzea ez zitzaion komeni, orain, berriz, oso mesedegarria gertatzen zaio.
1960ko hamarkadan ez zuen NASAk diru- eta baliabide-arazorik. Mundua gerra hotzean murgildurik, Estatu Batuek eta hauek irudikatzen duten sistema politikoak (demokrazia eta merkatu librea) espazioaren esplorazioan nagusi zirela frogatu behar zuten. Lehia zen orduko espazio-esplorazioaren ardatza eta lehia horretan sobietarrak aurretik zihoazen. Ilargira nor lehen heldu zen erronka eta horretan Estatu Batuek beren makina zientifiko, teknologiko eta ekonomikoa ziztu bizian jarri zuten. Gaur, espazioaren esplorazioak ez du orduko lilura pizten jendearengan; lehentasun txikiagoa du eta NASAk baliabideak lortzeko gorriak ikusten ditu. Datu bat: 1991ean $ 14.000 milioiko aurrekontua zuen eta 1998an $ 13.500 milioikoa du. Beraz, NASAk bide berriak bilatu behar ditu jendearen interesa pizteko eta, ondorioz, bere aurrekontuak gizentzeko.
Promozio- eta propaganda-aukera adiutuagorik ba al dago heroi amerikar zaharra berriro espaziora bidaltzea baino? Ikerketa zientifikoa aitzakia, txerri goseak amestutako ezkurra topatu du.
Dena den, John Glennen adorea miresten dut.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home