Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/03/29

Arre, arre mandoko! (1998-10-17)

Aurtengo sanferminetan promes egin nion Zangozako nire lagun bati Nafarroa Oinezera joanen nintzela bihar eta, bertan, Iruñeako karriketan kantatzen diodan Arre, arre mandoko, bihar Iruinerako, etzi Zangozarako… kantua kantatuko niola. Halakoa zen ene asmoa, baina usteak ustel eta hitza janen dut. Bakartuko nauela iguriki dut.
Mandoak ez nau Zangorara eramanen, Nafarroako beste txoko polit batera baizik: Nafarroa Behereko Irisarrira. Bertan, gaur eta bihar, bi urtez behin egiten den Ondarearen Eguna burutuko baita. Hautua egitea ez da erraza izan. Bi tokietara joateko arrazoiak banituen, pertsonalak zein bestelakoak. Bestetik, Ondarearen Eguna zein Nafarroa Oinez dira erakargarri eta interesgarri euskal kulturaren erakusgarri bezala eta, era berean, sinbolismo handia dute. Nolabait txanpon baten bi aldeak darakusate. Batetik, Zangoza, euskal kulturaren eta euskararen esperantzaren adierazgarri; aspaldi galdutako eremuak berreskuratzen eginiko ahalegina eta lortzen ari den arrakasta. Bestetik, Irisarri, itolarrian dagoen hizkuntza baten lekukoa.
Hegoaldetar baten ikuspegitik, Iparraldeari buruz, barnealdeari buruz batez ere, izan dezakegun irudi bukolikoa eraldatzeko parada aproposa da Ondarearen Eguna. Batetik, Irisarriko ospakizunak oso garbi adierazten du zein den Iparraldeko gizartean euskarak duen benetako tokia. Elkarteen biltzarreko erakus-mahaien artean osteratxo bat egitea aski da horretaz jabetzeko. Aurkeztutako materialari, mahaien atzean dauden lagunen berbaroari, argazkien oineko testuei erreparatzea baizik ez dago nagusiki frantsesez mintzo direla ohartzeko. Euskal Herriko ondarea da erakusgai, baina arrotz mintzo da.
Bestetik, Iparraldearen barnealde estatistikoki euskaldunaren egoera soziolinguistiko latza ere nabarmen azaleratzen da. Duela bi urteko pasadizo bat ekarriko dut gogora. Ondarearen Egunaren karian Irrisarriko Etchevers enean hartu nuen ostatu. Goizean tabernara jaitsi nintzen lagun batekin gosaltzera. Kruasana eta kafesnea dastatzen ari ginen tarte horretan, adineko irisarritar batzuk, laborari itxura peto-petokoak, sartu ziren; Bonjour! beren agurra eta frantsesez beren solas osoa. Harriturik galdetu nion nire lagunari Ez, al dira ba euskaldunak? Arrapostuak, lurjo ninduen, Bai, baina Iparraldean gaude. Eskemak apurtuta gelditu nintzen, hegoaldeko nire garun honek nekez imajinatzen baititu Alkizako Periko eta bere lagunak iganderoko meza osteko hamaiketakoan gaztelaniaz berritzen!
Hizkuntz egoeraren errealitatearen gordintasuna albo batera uzten badugu, Irrasarriko Ondarearen Eguna euskal kulturaren adierazpen oparoa da. Merezi du! Jitera gonbit egiten zaitut, bereziki, hegoaldekoa bazara eta Iparraldea B&B eta Jaun baruak baino zerbait gehiago dela ezagutu nahi baduzu.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home