Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/04/05

Límpia, fija y da esplendor (1998-10-24)

Real Academia Española izeneko gaztelaniaren akademiak bere hiztegi ospetsuan ehunka hitz eta esapide berri sartzeko asmoa duela leitu berri dut. Ez dira horiek guztiak hitz kultu edo teknologia berriak ekarritako teknolektoak izango; asko eta asko kaleko hizkuntza arruntetik bildutakoak izango dira, ordea. Horrela, jadanik garrulo (=alproja) edo meter la gamba (=hanka sartu) ez dira hitz edo esapide desegokiak, akademikoki bederen. Akademiaren garbitze, finkatze eta ospe emate lan honek 2001eko hiztegiaren edizioan ikusiko ei du argia.
Berria irakurri ahala euskara eta gaztelaniaren egoerak aldaratzen hasi nintzen. RAE argota sartzen DRAEn; gure akademia euskara batuaren lehen hiztegia osatzeko lan nekezean eta konparazioak, noski, aho-zapore garratza utzi zidan.
Gure Akademiak, Euskaltzaindiak, lanari dakio, ezin uka, baina ohizko moldeari darrakio: astiro,… astiroegi. Eta horrek kezka sortzen dit. Euskaltzaindia gizarteak agintzen dion hizkuntz gidaritza betetzera ez da iristen. Euskaldunon behar linguistikoak ezin ditu ase. Ez da hori, noski, gure akademiaren apeta gaiztoa, ezina baizik. Euskaltzaindiaren egiturak eta prozedurak hizkuntza normalizatua duten akademiena dira oinarrian; frantsesaren eta gaztelaniaren akademien eredua dago gibelean, zuzentasun linguistiko erabatekoa bermatzeari lotuta dagoena eta ez normalizatze-bidean dagoen hizkuntza baten premia linguistikoak asebetzeari. Egun, Euskaltzaindiak dituen azpiegitura eta giza baliabideak oso ahulak dira gizarte honek eta herri honen erakunde publikoek agindu dioten lana betetzeko. Izan ere, errealista izanik eta ñabardura guztiak eginez, baliabide urriz hornitutako amateur batzuk egoki hornitutako profesional batzuk egin beharko luketen lana egiten ari dira. Zer dira, bada, euskaltzainak? Beren lanbideek uzten dizkieten ordu libreak, hizkuntzarenganako onginahiak gidaturik edo, euskararen alde erabiltzen duten jaun-andere jakintsuak.
Hiztegi Batua da, akaso, Euskaltzaindiak erantzun lasterrak emateko gaitasun ezaren adibide paradigmatikoa: 20.000 hitzeko zerrenda osatzeko 8 urte beharko ditu. Lar luzatu da. Euskaraz lan egiten dugunok ezin dugu horrenbeste itxaron. Ezin gara duda eternalean murgildurik bizi, horrek kostu handiak baititu, ekonomikoak zein bestelakoak: hiztegiak, liburuak eta enparauak ezin dira urtero berritu; etengabe ikasten eta desikasten ezin gara ibili eta arau eza sesio linguistikoen iturri da.
Zein da konponbidea? Euskaltzaindiaren esku diru- eta giza baliabide gehiago jartzea, ene aburuz. Euskararen normalizazio-prozesuak eskatzen dituen erantzun laster eta eraginkorrak gauzatzeko profesionalak jarri behar dira lanean, beren lanbidea horixe izango dutenak. Hizkuntz ezagutza handiko profesional prestu mordoa dago Euskal Herrian, Euskaltzaindian bertan zein kanpo. Horiek baliatu beharko genituzke. Ez genuke, apika, % 100ko zuzentasun linguistikoa bermatuko, azkar egin behar delako lan, baina % 90koa aski da gizarteari, eskatzen duena, ematen bazaio. Nire lagun batek esaten duen legez, 'onena, onaren arerio'. Gero etorriko dira akademizismoaren garaiak.
Euskararen normalizazio-prozesuak Euskaltzaindia indartsua behar du, ospez zein baliabidez. Gure arduradun politikoen esku dago bigarrena.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home