Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/04/26

UEU (1998-11-14)

Udako Euskal Unibertsitatea. Uztaritzeko Landagoinen ezagutu nuen UEU 1976ko abuztuan. Urte mordoska joan dira eta ilusioz betetako gazte hari ilea urdintzen hasi zaio aspaldi. Ez dut uda harez gero inoiz hutsik egin udaro euskaltzaleok dugun topalekuan. UEU eta nire bizipen pertsonalak lotuta daude zeharo, askatzeko modurik ez dagoen mataza osatuz. Bertan ezagutu ditut euskalgintzaren izar distiratsuak; bertan egin ditut lagun handiak eta bertan desilosionatu naute ustezko pertsonaia batzuek ere. Halaber, UEUkide-kategoria guztietatik pasa naiz: ikasle, irakasle, sailburu, talde eragileko kide eta zuzendari. Urrats guzti horietan ikasi dut eta, neurri batean, UEUk moldatu nau pertsona legez. Guztiz subjektiboa naiz, beraz, UEUrekiko eta nire juzkuak lerratatuta egongo dira beti.
Alabaina, UEUk Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzean, duela urte asko zor zitzaiona eman zaiola inork ez duela dudatan jarriko uste dut. Hamaika eta handiak izan dira UEUk euskalgintzari eta euskal gizarteari egin dizkion ekarpenak. Berandu etorri da hitzarmena, baina etorri egin da eta poztu egin behar dugu. Aurrerantzean, UEUren urteroko estuasunak, 'sosak nondik bilduko?', ez direla horren larriak izango iguriki dut eta bere lana planifikatu eta egiteko aski patxada izango duela.
Uztaritzeko garai hartan euskal unibertsitatea genuen amets. Ez genuen, egia esan, oso definiturik, baina hiru lerro nagusi aipatzen ziren: euskaraz jardutea, publikoa eta Euskal Herri osorakoa. Artean, unibertsitate-egitura oso ahula zen Euskal Herrian. Unibertsitate-ikasle askok atzerrira joan behar izaten zuten. Gerora, zeharo aldatu dira gauzak. Unibertsitate berriak sortu dira: EHU, UPNA eta Mondragon. Euskal gizartean errotu dira eta ospea lortu dute. Euskarak, gutxi ala gehiago, tokia du unibertsitate hauetan: irakatsi egiten da euskaraz, argitaratu egiten da euskaraz eta ikerketa, gutxi bada ere, egiten da euskaraz. Euskal unibertsitatea urrun dago, hala ere.
Behar al dugu euskal unibertsitatea? Nik ez dut dudarik, baina, aitor dezagun, gure arteko euskaltzale ospestu batzuek ez dute auzia hain garbi ikusten, epe motz edo ertainera bederen. Nire aburuz, euskararen normalizazioa lortzeko guztiz beharrezkoa da euskaraz jardungo duen unibertsiatea, ikuspegi ideologikotik zein praktikotik eta konpondu gabe asko luzatu ezin daitekeen auzia da, kategoriatik unibertsora igaro nahi badugu behintzat.
Nola? Hori beste upelako sargardoa da. Oraingo unibertsitateetako euskal adarrak indartu behar dira jakina, zeren eta ez gaitezen engaina, euskal unibertsitateko irakasle eta ikerlariak horietan formatuko baitira gehien bat. Bestetik, proselitismo-lana egin beharko da gizartea eta arduradun politikoak euskal unibertsitatearen premiaz jabetzeko. Azkenik, aukera egokia dagoenean heldu egin beharko zaio, publikoa zein pribatua; Euskal Herri osokoa zein zati batekoa. Hori bai, helburua garbi izan behar dugu: lehen mailako eta kalitatezko unibertsitatea.
Parada horretan UEU zer? Lanean beti bezala, hasierako U horrek izango baitu, orduan, benetako esanahia.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home