Mitch (1998-11-7)
Konbentzioari jarraiki M-z hasitako izena omen zegokion. Mitch esan diote. Ez dakit neronek zergatik; ez, hain segur, Robert Mitchun aktore handiaren omenez. Alabaina, aktorea bezain gogorra gertatu da, patuak hari gorazarre egin nahi izan diolako, apika.
Erdialdeko Amerikatik etorri diren irudi lazgarriak hunkitu gaituzte gu guztiok. Naturaren indarra bizi-bizi agertu da, kotoirik barik. Mitch erratz erraldoi baten moduan astindu ditu baso, ibai, mendi, itsaso eta hiriak, hondamenezko arrastoa utzirik. Indarge sentitu dira bertakoak; besterik egin al zezaketen?
Laster altxatu dira ahotsak kulpantea hatzaz seinalatuz: klima-aldaketa da hobenduna jaun-andreok sententziatu dute. Agian, arrazoi dute eta azken urteotan mundu osoan jazoten ari diren uholde, lehorte eta antzeko hondamendi naturalak gizakiok eragindako aldaketa klimatikoa dute atzean. Ez naiz erabat akort, hala ere.
Metereologia eta klimatologia zientzia aski berriak dira. Atzen 150-200 urteotan hasi gara klimari eta fenomeno metereologikoeoi buruz datu zehatz eta zientifikoak batzen. Beraz, Mitch moduko fenomeno naturalak ohizkoak direnentz jakiteko ez daukagu nahikoa daturik. Mitchek hondamen izugarria eragin duenik ezin da ukatu. Halaber, inozko hurakanik handientzat jo dute, baina ez-ohizkoa al da tamaina horretako hurakana edota berezko arrisku naturalen zerrendan sartu behar al da? Oraingoz galdera horrek ez du erantzun zehatzik eta norberak nahi dituen hipotesiak egin ditzake.
Jakina, Mitch gizakiak eragindako klima-aldaketaren adierazlea izan daiteke. Batzuei kasu eginez gero, hondamen natural guztiak ei dira horren ondorio azken urteotan. Dena dela, honek guztiak otsoaren ipuina ekartzen dit gogora eta klima-aldaketa benetan etorri datorrenean inork ez diola jaramonik egingo beldur naiz. Kontuz! Desforestazioak, basamortutzeak, gas poluitzaileen isurketak etab.ek atmosferaren oreka aldatzen ari direla begibistakoa da eta horrek asko kezkatzen nau gainera. Era berean, arrisku naturalak berezkoak dira eta fenomeno klimatiko baten berezkotasuna non hasi eta non bukatzen den esaterik ez dugu egun.
Gizakion erantzukizuna Erdialdeko Ameriketako eta beste anitz lekutako trajediaren tamaina handian beste maila batekoa da, nik uste. Izan ere, pobreziak, azpiegitura eskasak, txabolismoak, demografia gehiegizkoak, ubideratze-sistema neurriz kanpokoak eta enparauek sortutako egoerak, hildako eta biktima gehiago eragin ditu, seguru asko, Mitchen indarrak berak baino. El Salvador, Honduras, Guatemala eta Nikaraguako trajedian Ipar/Hego erlazio ekonomikoen fluxua bazterrezineko elementua da, ez baita saihesteko moduko datua industrializatu gabeko herrietan hodamendi naturalek eragiten dituzten hildakoak munduko hogei estatu boteretsuenetan sortzen dituztenak baino 6 bider handiagoak izatea. Hori neurtzeko modukoa da, datuak baditugu eta gizakion esku dago soil-soilik konponbide azkar eta eraginkorrak bideratzea.
Amaitzeko, ez dut ulertzen batzuek Mitchi 'haize-erauntsi' deitzeko duten tema, Euskal Herrian haize-erauntsiak ohizkoak izanik ere, hurakanik ez baitugu pairatzen.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home