Zientziaren dibulgazioa (1998-11-28)
XX. mendearen bukaerako gizartea definitzen duten osagaien artean zientzia eta teknologia oinarrizko osagaiak dira, hots, gizarte moderno eta aurreratuen kulturaren funtsezko ezaugarriak dira. Zientzia eta teknologia dira, halaber, gure gizartearen oinarri, zutarri eta abiarazle. Edonon gaudelarik ere, gure ingurura begiratze hutsarekin zientzia eta teknologiaren aztarnak aurkitzen ditugu.
Era berean, gizarteak zientzia eta teknologiari buruzko informazio xehea eta zehatza behar du, besteak beste, gizarte horrek bere etorkizunaz erabakiak hartu beharko dituelako non osagai zientifiko-teknikoa faktore bazterrezina izango den; klima-aldaketari aurre egiteko hartu beharreko neurriez, esaterako.
Oraintsu arte, irakaskuntza-sistemak izan du, eskolaren eta unibertsitatearen bidez, ezagutza zientifiko-teknikoaren historiaren, egoeraren eta aurrerabidearen berri emateko erantzukizun nagusia. Alabaina, azken mendean zientziak eta teknologiaren bilakaera bizkorrak irakaskuntza arautuaren bidezko ezagutza-transmisioa nahikoa ez izatea ekarri du eta zientzi ezagutzaren transmisioak beste bide batzuk jorratu behar izan ditu. Masa-komunikabideek zeregin horretan funtsezko betebeharra izan behar dute, beraiek direlako gaur egun informazioa azkar hedatzeko biderik eraginkorrenak.
Euskal Herriko komunikabideek funtzio hori ganoraz betetzen dutenentz aztertzen badugu, salbuespen aipagarri batzuez landara horrelakorik ez dela jazotzen ikusiko dugu. Beraz, asteotan Eusko Ikaskuntzak antolatutako 'Zientzi Zabalkundea Euskal Herrian' izeneko ikastaroa ekimen oso positiboa da zientziaren dibulgazioaren beharraz gure gizartea eta komunikabideak jabearazteko. Zorionak, ondorioz, antolatzaileei ahaleginagatik.
Dena dela, ikastaroaren batzorde-antolatzaileak mira desenfokatu xamarra izan duela iruditzen zait, jardunaldiaren edukiari eta parte hartu duten hizlariei erreparatzen badiegu bederen. Hutsune adierazgarriak ikusi ditut nik. Edukiei gagozkiolarik, zientziaren dibulgazioaren alorrean Euskal Herrian jorratu (jorratzen ari) diren esperientzia interesgarrienen berri zuzenik ez da eman. Halaber, hizlarien artean egun Euskal Herrian zientzia dibulgatzen diharduten kazetari eta zientzialari nagusiak falta izan direla iruditzen zait. Euskararen erabilera, bestalde, ohizkoa izan da; jazoera are penagarriagoa Euskal Herrian zientziaren dibulgazioa nagusiki euskaraz egiten dela kontuan hartzen badugu.
Eusko Ikaskuntzaren ahalegina estimatzekoa izan da eta zientzi dibulgazioaren beharra aldarrikatzen jarraituko duela iguriki dut, baina, hurrengo baterako gure herriaren errealitateari gertuagotik begiratzea eskatuko nioke, euskal kulturaren normalizazioak eskertuko baitu.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home