Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/07/08

HPLO (1999-01-9)

Aurreko batean kultur sailburutzaren ameskerian Hizkuntz Politikarako Sailordetza (HPS) Hizkuntz Politikarako Lehendakariordetza (HPLO) bihurtzea eta sail guztietan HPS txikiak eratzea proposatu nuen 'seiko' honetan bertan. Eginiko proposamenak haizeak eraman ditu Jaurlaritzaren sail-banaketari erreparatzen badiogu, bederen. Ez zait harritu, nire iritziaren pisuan fede larririk ez nuen eta.
Hala ere, aukera polita galdu dela iritzi diot. Bizi dugun giroak EAEko euskararen normalizazio-politikaren gidaritzari maila handiagoa ematea gauzagarri egiten zuen. Zergatik HPLO, HPSren ordez? Administrazioaren egiturarengatik, hain justu. Sailak, oro har, nahikoa estanko eta iragazkaitzak dira elkarren artean. Beraz, aski nekeza eta zaila jazotzen zaio sail bati politika jakin bat beste bati eragitea. Ondorioz, Euskararen normalizazioa bezalako zeharkako gai batean, egokiagoa dateke sail guztien gainetik dagokeen egitura batetik politika eta estrategia gidatzea. Garai bateko lehendakaritzaren menpeko HPIN Kultura sailaren menpeko HPS bihurtu zenean, duela lau urte, eraginkortasuna galdu zen. Horren adibide aproposa da Industria Sailak enpresetan euskara-planak sustatzeko jarritako diruak legegintzaldiaren erdirako ke bihurtu izana. Hizkuntza politika Kulturan kokatzea erabaki estrategiko desegokia izan zen, ene aburuz.
Halaber, sail guztietan HPS txikiak ezartzeak sail horren menpeko esparruetan hizkuntz normalizazioaren eraginkortasuna emendatzea luke helburu. Arrazoiak aipatuta daude. Azter dezagun esaterako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila. Euskara Biziberritzeko Planaren ildotik gobernu-programan hitzartu ei denez, sail horrek enpresa-munduan euskararen erabilera-planak sustatuko ditu. Ez da hori huskeria euskaren normalizazioan eta honi, gainera, merkataritzaren alorra (etiketajea, labelak,…) eta sailaren menpeko enpresa publikoak (SPRI, EVE,…) erantsi beharko litzaizkioke, besteak beste. Nondik kudeatuko litzateke normalizazio-ahalegina eraginkorren? Neronek ez dut dudarik: sailetik bertatik.

Gaur, 2005eko uztailaren 8an, berriz ere aukera galdu dugula uste dut eta goian esandako berresten dut.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home