Bagea ala ezkea? (1998-12-19)
Araban bagare, Gipuzkun bagera, Ziberun bagire eta Bizkaian bagara dio kantak, baina aurki Usurbilen gara erantsi beharko zaio, antza. Xabier Kintana adiskideak arrazoi osoz salatu zuen aurreko batean kazeta berriaren izen desegokia eta, beraz, ez diet Garako lagunei hatza berriz ere begian sartuko nahiz eta egin duten tamainako aldrebeskeriak merezi duen.
Ez dakit hizkuntzaren sena eta duintasunaren kontrako hanka sartze, aldrebeskeria, zabarkeria eta enparauen aurrean pazientziarik handiena erakusten duen herriak tokirik ote duen Guinness-en liburuan baina, horrela bada, euskaldunok aise irabazi dugu tokia. Gure hizkuntzaren senak eta etorriak astindu etengabeak jasotzen dituzten izenburu, txartel, marka eta erakunde-izen eta horrelakoetan. Halaber, aldrebeskeria horietako batzuk, 'irekita. bihar eta berandu' esaterako, mitiko bihurtu dira.
Euskararen sena jipoitzeak kolore edo ideologiarik ez du. Ez, barkatu, ideologia bat badu: lehenik erdaraz pentsatu eta, ostean, euskaraz edo jarri.
Hor dugu, adibidez, euskal izen korapilotsua bere mihi gaztelauan trabatzen zelako edo, 'Eusko Trenbideak' izen jatorra 'Euskotren' hibrido irenstezina bihurtarazi zuen zuzendari sozialista.
Beste mota bateko adibidea dugu hurrengoa. SPRIk 'Cuadernos Vascos de CIENCIA Y TECNOLOGĂA' delako buletina kaleratzen du, euskaraz 'ZIENTZI ETA TEKNOLOGI Euskal Koadernoak' deitutakoa. Itzulpen txukuna, kexurik merezi ez duena; izenburuaren diseinu grafikoak, ordea, salatzen du jatorrizkoa gaztelaniaz pentsatu dela: letra larriz idatzi dudana, tamaina handian inprimatuta, lehen begiradan leitzeko modukoa eta bestea lupaz aurkitu beharra. Gaztelaniaz autonomia eta esanahia duenak euskaraz ez du.
Jakina, bestelako kasuak badira; euskarazko bertsioa gaztelaniazkoa baino adierazgarriagoa izatea. Donostiako Zinemaldiko 'Donostia zinezko hiria' leloa datorkit burura, kasulitatearen ondorio ala berariaz pentsatuta?
Azaldutakoaren harian, bagara, kultura, herri, hizkuntz komunitate; ez gara, aitzitik, unibertso. Herri honetan proiektuak, egitasmoak eta antzekoak landu eta bideratzeko unean, euskara faktorea kontuan hartzen denean, atzena da ia beti, hots, 'bihar eta berandu'.
Unibertsotasun-eza horren adibide argigarria eta mingarria iruditu zait Gipuzkoa-Donostia Kutxak hartu berri duen erabakia. Izan ere, erakunde horrek babesten eta kudeatzen duen zientzi museo interaktiboaren zuzendaria izendatu berri du eta, sarriegitan gertatzen den legez, pertsona horrek ezin izango du Euskadi Irratian, ETB1ean eta gainerako euskal komunikabideetan zuzeneko adierazpenik egin, Cervantesen hizkuntza ederki menderatuta, Axularrena guztiz arrotz zaiolako. Espazio eta unibertsoaren gunean ere ez gara unibertso izango; kategoria izango ote gara?
Ezkea, oaingoz!
1 Comments:
Ez zait inola ere "Euskotren" izen irenstezina iruditzen. "Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos" izena erabili baina gogoratzen askoz errezagoa, komertzialagoa, eta modernoagoa iruditzen zait.
Post a Comment
<< Home