Aitor Zabaleta (1998-12-12)
Errealzale hori,
Sastako maltzur batek eraman hau. Gizagaizto baten laban zorrotzak hire bihotza urratu dik. Hire ekipoaren koloreekin poztu, tristetu eta salto egiten zuen bihotz bero hori gelditu egin duk, metalaren hotzak izoztuta.
Ez hinduan ezagutzen. Akaso ikusi haut inoiz, Aratzenera joan izan bainaiz trago bat edo mokado bat jotzera: duela urtebete garai honetan atzen aldiz. Hire heriotzak, hala ere, buruko errota abian jarri zidak: oroitzapenen jarioa, batetik, eta asarrearen erauntsia, bestetik.
Hamar bat urte egin dizkiat atzera, Bidasoak lehen liga irabazi zueneko urte hartara, poliziaren babespean atera behar izan baikenuen Alacanteko kiroldegitik. Bidasoari animo ematea gure erru bakarra. 'Putos vascos' eta 'asesinos' zenbat bider entzun genian! Orain barre egiten diagu lagunok orduko estuasunak gogoratzean denborak larritasuna lausotzen baitu. Herorrek, tamalez, ezin izango duk heure buruaz barre egin.
Asarrearen harra piztu zidatek telebistaren alkatxofaren atzean dolu-aieneak jaulki dituzten fariseoek; ekipoak irabazten duenean 'irabazi diagu' eta galtzean 'galdu egin ditek' esaten duten horiek; zaleen grinak eta pasioak etengabe xaxatzen ari diren horiek; partidak irabazteko ezein bide zilegi dela uste duten horiek; zale fanatikoen ohiu xenofobikoak entzun arren 'estadioetan biolentziarik ez zegok' aldarrikatzen duten horiek; laburtuz, besteek egiten duten kirola gizartean gora egiteko usatzen duten horiek.
Ez zekiat hik heuk, Aitor, kirola egiten ote huen; hire taldekideen izerdia hirearekin nahasia sentitu ote duan. Nik astakiloen kirol hori egin diat; errugbia bai. Badakik kontaktu fisiko etengabea: plakatu eta bultzatu, bultzatu eta plakatu; muturrekoka lantzean behin. Partida bukatutakoan, hala ere, tragoak hartzera elkarrekin bi ekipoak eta arbitroa. Hori duk kirolaren izpiritua nire irudiko: jolas eremu batean norbera dibertitu eta besteak dibertiarazi eta zelaiko arazoak arbitroaren azken txistuarekin bukatu egiten dituk.
Aitortu egingo diat Aitor, ikuskizun-kirola gero eta urrunago eta hotzago sentitzen dudala: futbola batez ere. Atotxara joaten ninduan garai batean; ez diat inoiz Erreala Anoetan ikusi, ordea. Urrunarazi egin natxiek. Gero eta gehiago aspertu egiten natxiek ikuskizun-kirolaren inguruko parafernaliek: kazetarien, zuzendaritzakideen eta, tamalez, kirolarien beraien esanak eta izanak. Denak dituk: 'hil ala bizikoak', 'erronka handia', 'itzelezko balentria' eta enparauak. Gero eta gehiago estimatzen dizkiat norberaren izerdi eta ahaleginak; txandala jantzi eta kilometroak egiten dituzten horiena edota egunero pista eta zelaiak betetzen dituzten neska-mutiko horiena.
Ikuskizun-kirolaren inguruko parafernaliak elikatutako harrak eraman hau Aitor. Honez gero konturatuta egongo haiz, hain segur, heu protagonista eta biktima izan haizela. Hi heu harraren atzen biktima izatea espero diat. Baita hik ere, ezta? Ez haut ezagutzen, baina higandik mintzatu direnak argi utzi ditek hire gizatasuna.
Hil ostean bizirik bada, futbolzaleen paradisuan egongo haiz laguna. Izan untsa.
PS. Gurea ez huen ikuskizuna, zin dagiat, eta, apika, hor zegok koxka.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home