Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/07/05

Asmoz eta jakitez (1999-1-2)

Ehun eta hogei mila lagun; bost estadio mukuru bete. Hau marka! Euskaldunak burutik gaudela esaten du gure lagun batek, guri bakarrik otu bailekiguke 26ko festa erraldoia. Egia esan, gauza batzuk Euskal Herrian baino ez dira gertatzen; onerako zein txarrerako. Egin egin dugu; orain eskerrak emateko tenorea da. Kontseiluko zuzendaritzako kide naizen aldetik eskertu nahi zaituztet bildu zineten guztiok jin izanagatik eta barkamena eskatzen dizuet kabitu ezinik kanpoan gelditu zinetenei, zuen jarrerak ez baitzuen hori merezi. Eskerrak, kanpainan zehar herrietako batzordeetan su eta gar lanean aritu zaretenoi; mila esker, estadioetan beharrean fin eta gogotsu jardun duzuenoi; esker anitz, oholtzaren gainean izan zareten guztioi. Finean, gure Txirritak esaten zuen legez 'eskerrak eta graziyak' Bai Euskarari Kanpaina bideragarri egin duzuen guztioi.
Kanpainaren konplexutasuna eta erronkaren handitasuna kontuan harturik zailena jada egin dugula pentsa lezake bateren batek. Bai zera! Oraintxe hasten da Kontseiluaren benetako lana. Amaitu berri den kanpaina Kontseiluak bideratu nahi duen ekimenaren lehen urratsa izan da. Kanpainan zehar euskararen aldeko konpromiso tinkoa agertu duten banako, elkarte eta gizarte-eragile horiekin guztiekin lanean hasi beharra dago orain. Konpromisoak errealitate bihurtu behar ditugu, asmoak gertakari eta ilusioa abiatzeko indar. 'Lanordu bat akordioaren alde' ekimena dugu begi-bistan lehenik eta ondoren,…
Hiru ondorio nagusi aterako nituzke Bai Euskarari Kanpainaren emaitzetatik:
- Herri hau bizirik dagoela eta herri eta kultura izateko gogo bizia erakutsi duela.
- Elkar hartuta eta batuta urrun ailega gaitezkeela eta indar izugarria daukagula.
- Gizarteak etorkizuna euskaraz ikusten duela eta konpromisoak hartzeko prest dagoela.
Kanpainan zehar, euskararen normalizazioaren aldeko kapital izugarria bildu dugu eta, era berean, erantzunkizunez jokatzeko ardura eman zaigu. Aurrerantzean kapitala egoki kudeatzea dagokigu gizarte-erakundeoi zein erakunde publikoei: elkarlanean, osagarritasunean eta elkarren errespetuan. Halaber, euskararen normalizazioaren aldeko politika tinko, ausarta eta eraginkorra bideratzeko txeke zuria eman digu gizarteak. XXI. mendea euskararena izan dadin, balia dezagun; asmoz eta jakitez.
Mila esker eta urte berri on.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home