Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/07/19

Egia berdaderoa (1999-01-16)

Ikerketa zientifikoen berri gizarte eta komunitate zientifikoari emateko moduan disfuntzioak gertatzen ari dira azken aldian. Ohizko bideari jarraitu ordez, hainbat zientzilarik eta ikerketa-taldek komunikabideak deitu eta prentsaurrekoa antolatzen dute, aurkikuntzak gizarte-inpaktu nabarmena izan dezakeenean, batik bat.
Duela hainbat hilabete, Valentziako unibertsitateko ikerlari-talde batek prentsa deitu eta lau haizetara aldarrikatu zuen ura hidrogeno eta oxigenotan bereizteko bide merke eta eraginkorra aurkitu zuela. Katalizatzaile egoki batek energia merke, garbia eta betirakoa eskaintzen ei zuen. Ahuntzaren gau erdiko eztula, aste honetan jakin dugunez.
Ez da hau kasu isolatua, burugabe batzuen jazoera bakana: NASA eta Marteko bakterioen eta fusioa hotzaren auziak hor ditugu. Globoa puztu eta, ostean, hustu.
Kezkatzekoak dira oso gertaera horiek. Gure gizartearen eta kulturaren oinarri diren zientziaren eta zientzilarien sinesgarritasuna kolokan jartzen da, batetik, eta, bestetik, esperantza faltsuak pizteaz gain, gizartean ideia zientifiko okerrak zabaltzeko bidea egiten dute.
Ulertzekoa da, halaber, emaitza azkarrak eskatzen dituen gizarte honetan, komunikazio-gabineteen presiopean, ondo landu gabeko datuak barreiatzeko tentatuta egotea zientzilaria. Izan ere, hurrengo beka, diru-sarrera edo aurrekontua lortutako emaitzen menpe egon baitaiteke. Oso garbi dago hori NASAren kasuan; espazioaren esplorazioa egiteko fondoak murrizten ari zirenean eta gizarteak espazioaren lilurari bizkar emanda zegoen momentuan, Marten bizia egon ei zela aldarrikatzeko aukera gozoki ederregia zen pasatzen uzteko.
Ulergaria izanik ere, prentsaurrekoak ez dira bidea. Aldizkari ospetsuen bidez eman behar da aurrerabide zientifikoaren berri. Peer review (parekoen azterketa) sistema ez da noski, giza obra oro legez, perfektua; ez ditu maula guztiak saihestuko; ideia eta hipotesi iraultzaileak zokora litzake, baina urtetan frogatu duenez produkzio zientifikoaren kalitatea neurtzeko tresna zuhurrena da.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home