Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/07/19

Houston, we have a problem! (1999-01-23)

Horrelaxe berritu omen zitzaizkien Apolo XIIIko astronautak NASAko nabigazio-kontrolekoei beren untzia matxuratu zenean. Orain 'Houston has a problem' esan beharko genuke, apika.
Errusiaren gainbera ekonomikoak Nazioarteko Espazio-estazioaren garapenari mesede gutxi egin dio. Errusia espazio-estazioaren bazkide garrantzitsua da, baita arazo-iturri ere: eraiki behar dituen zatien entrega-epea luzatzen ari da taigabe eta, gainera, lankidetzaren kostuak izugarri hazten ari dira. Hasieran, Errusiaren parte hatzeak proiektuaren aurrekontua bi bilioi dolarretan murriztuko zuela uste zuen NASAk; aitzitik, bilioika dolar konstatzen ari zaio Errusiaren elkarlana. Espazio-estazioaren aurrekontu ofiziala 17,4 bilioi dolarrekoa bada ere, kontsultore independienteek eginiko azterketen arabera 21 bilioi dolar baino handiagoa izan daiteke azken-kostua. Honi transbordadorearen jaurtiketa-kostuak eransten badizkiogu, zifra 100 bilioi dolarreraino igoko da.
Halaber, komunitate zientifikoak espazio-estazioak egin ditzaken zientzi ekarpenak ez ditu NASAk aldarrikatu bezain oparoak ikusten. Esaterako, American Society for Cell Biology delakoak adierazi duenez, mikrograbitatean eginiko kristalografi saioek (estazioa justifikatzeko NASAk usatutako argudio nagusietako bat) ez dute botika berrien garapenean edo proteinen egituraren analisian ekarpen adierazgarririk egin orain arte.
Beraz, arazo-iturri izanik, zergatik tematu da NASA espazio-estazioarekin? Ezin al zituen baliabide ekonomiko horiek beste proiektu oparoago batzuetan baliatu, eguzki-sistemaren zunda robotikoen bidezko esplorazioan adibidez?
Erronkak eta ilusio-piztaileak behar ditu NASAk dirurik nahi badu. Bere bi izarrek ajeak dituzte. Transbordadore espazioalak ia hogei urte dauzka eta onenak eman ditu. Marten gizakia jartzea, bestalde, ez dago eskura oraindik. Hortaz, Nazioarteko Espazio-estazioak ikuskizuna eskainiko dio zerga-ordaintzaileari gizakia marteratzeko gai garen bitartean; kario eta arola bada ere.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home