Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/10/12

Ilargi Amandrea (1999-02-27)

Neil Armstrong-ek 'that's one small step for a man, one giant leap for mankind' jaulki zuen une hartatik hogeita hamaika urte beteko dira laster. Gizakion amets ero bat errealitate bihurtu zen, estatubatuarraren botak Ilargiko hautsak lehendabizikoz urratu zitutenean. Beste batzuk jarraitu zitzazkion, baina pasa dira jada hogeita zazpi urte atzen astronautak Lurra gure satelitearen horizontetik agertzen ikusi zuenetik.
Ahaztuxea izan dugu Ilargi Amandrea harez gero, nahiz eta gizakion obrak, sobietarren Lunak edo estatubatuarren Klementina, bisitari izan dituen. Urrunago jarri ditugu begiak eta ametsak. Planeta gorriak, gerraren jainkoak, liluratu gaitu. Haren nagusi izan nahi dugu eta urratsez urrats ari gara bide horretan: oraindik orain bidalitako zundak lekuko.
Zergatik utzi dugu bazter Ilargia? Eman al ziezagukeen guztia eman al digu? Jakina ezetz! Giza kolonia iraunkorrak jartzeko astrorik errazena da halaber. Gertu (hiru eguneko bidaia), komunikazio erraza (ia aldiberekoa), debaldeko energia (fotovoltaikoa), ura (itxuraz), baliabide interesgarriak (helio-3), etab. Gizakia Martera iristeak, aitzitik, bistako oztopoak ditu: bidaia luzea (urte eta erdiko joan-etorria), komunikazio zaila (10 minutuko atzerapena), etab.. Zentzuzko galdera dirudi, beraz, zergatik goazen Martera itauntzea. Ez al litzateke egokiago izango lehenik Ilargian giza baseak eta koloniak ezartzea eta ostean Marte itutzat hartzea? Litekeena, baina ez gara hori egiten ari.
Zergatik? Erantzun on asko egon litezke, ezagutza handitzeko aukera besteak beste. Alabaina, neronek beste toki batean ere ikusten ditut atzen arrazoiak: liluran eta abenturan. Ilargia ez da jada atzen muga, hori egina baitago. Marte, ostera, abenturarako hurrengo muga naturala da, deiadar egiten diguna eta, nekez, saihets dezake giza naturak dei hori.
Marteren lilura, gainera, nork ez du sentitu? Edgar Rice Burroughs-en printzesa eta gerrariek fantasiazko mundu txundigarri batera eraman gaituzte. Fredric Brown-en martetar alu adarjoleak tripak urrarazi dizkigu. Bradbury-ren kronikak…

0 Comments:

Post a Comment

<< Home