Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/10/18

Transgenikoak (1999-03-06)

Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoan begiratzen badugu hauxe dio: 'transgeniko. izond. BIOL. Ezaugarri berriak izateko material genetiko berria txertatu zaion izakiaz esaten da'. Hamaika hitz eta nolako zalaparta sortu den! Komunikabideetan burrunba itxura aldrebeseko izenondo honekin. Berari buruz eztabaidatu dute eta mikaztu dira munduko estatuetako ordezkariak Kolonbiako Cartagenan eginiko batzarrean. Bidenabar, goi-bilera hau ere hasi bezala bukatu da: denak etxera deus erabaki barik.
Elikagai transgenikoen merkaturatzea izan dute mintzagai, material genetiko arrotza txertatuta duten elikagaiak, hain justu. Zer dute berezi elikagai horiek? Har dezagun artoaren adibidea. Bioteknologiaren tekniken bidez artoari ezaugarri bereziak eskuratzea ahalbidetzen dion material genetikoa txertatzen zaio. Material genetiko horrek eman dakizkiokeen ezaugarriak mota askotarikoak izan daitezke, gaixotasun batekiko immunitatea ematea, esaterako. Arto hori gerorrek edota etxeko abereek janen dute.
Honaino orok onerako dirudi. Zein da, alta, arazoa? Artoari transferitu zaion material genetiko hori egonkorra ote den. Alegia, ez dakigu material genetikoa artotik bere kabuz beste bizidun batzuetara pasako ote den eta horiengan ondorenik izango ei duen.
Troiako zaldia sartu ote dugu naturan? Ekologista eta aditu nahikotxo batzuen iritzian, bai. Izaki transgenikoak lortzeko erabiltzen ari diren teknikak oso berriak dira. Transgenikoak etorri berriak dira lurrera. Beraz, epe luzean bildutako informaziorik ez dago transgenikoek txertatuta daukaten material genetiko arrotzaren jokabideaz naturan libre uzten denean. Beste izakiei transferitzeko arriskua hor dago. Egia esan, material genetikoaren balizko transferentzia ez dirudi oso posible. Alabaina, jazo omen da saio batean edo bestean: patata transgenikoz elikatutako arratoi batzuen kasuan, argitaratu berri denez.
Teknologia berriek arrisku berriak onartzera garamatzate, baina, kasu honetan, zentzuzkoagoa dirudi Troiako zaldia harresitik kanpo edukitzea, barruan zer duen jakin arte bederen.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home