Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/12/18

Txernobil baino harantzago (1999-05-01)

Hamahiru urte bete berri dira Txernobilgo zentral nuklearraren istripua jazo zenez geroztik. Mundua astindu zuen gertakariak. Mamua errealitate bihurtu zen eta inflexio-puntua izan da energia nuklearraren bilakabidean; lobby nuklearraren zorigaiztorako, jakina.
Fisiozko energia nuklearraren ingurugiro-arazo larriena ez da, hala ere, Txernobil moduko istripua, hondakin nuklearren kudeaketa egokia baizik. 1960ko hamarkadatik hona 200.000 tona erregai agortu baino gehiago sortu dira eta pila horri 10.000 tona gehiago eransten zaio urtero. Horren zati bat birprozesatu egiten da, baina zatirik handiena sortu den tokian bertan pilatzen da zer egin erabaki arte. Erregai agortua edukizeko biltegiak hamarkada batzuk irauteko diseinatuta daude. Beraz, erregai agortuaren atzen biltegia erabakitzea gero eta erabaki premiazkoagoa da.
Asko dira egoeraren errudun. Industria nuklearra lehen-lehenik. Ehundaka mila urtetan oso arriskutsuak diren hondakinak sortu ditu, horiek nola kudeatu erabaki gabe. Gobernuek ere begiak itxi dituzte, garapen ekonomiko eta energia ustez merkearen aitzakian. Ekologistek ez dute asmatu hondakinen arazoari buruz gizarte-eztabaida bideratzen eta energia nuklearraren inguruko eztabaida ezaren diskurtsoan gehiegi zentratu dira, apika.
Arazoa hor dago ordea eta, gainera, gure ondorengoei eta ondorengoen ondorengoei lagako diegun opari pozoitsua da.
Hondakin nuklearrak kudeatzeko proposatu diren bideen artean, lur azpian, toki geologikoki egonkorretan gordetzea da, antza, konponbiderik egokiena. Horrelako tokiak ari dira munduan bilatzen. Ez da arazo samurra. Batetik, egitura geologiko jakin bat ehundaka mila urtetan egonkorra izango den segurtatu behar da eta, bestetik, inork gutxik nahi izaten du zabor arriskutsurik etxe ondoan. Erabakia luzatzerik ez dago, halaber.
Ironiarako 'energia ez-poluitzaile' moduan saldu zen energia nuklearra. Erregai fosilen ordezkoa ei zen. Nik, egia esan, kontzientzia lasaiago izango nuke gure oinordekoei 'berotegi efektua' soil-soilik utzita, horri hondakin nuklearrak erantsita baino. Lehenengoa epe aski motzean zuzen daiteke; bigarrena…

0 Comments:

Post a Comment

<< Home