Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/11/15

Nanobioak (1999-04-10)

Bai bizi harrigarria! Horrelako zerbait jaulki zezakeen poetak Queensland-eko unibertsitateko ikerlariek mikroskopioaren objektiboaren azpian dituzten egiturak ikustean. Izan ere, egitura horiek bizidunak izan daitezke eta horrela izango balitz, biziaren adierazpenik ñimiñoenaren aurrean egongo ginateke. Nanobio esan diete egitura horiei, mikrobioekin paralelotasunean.
Lurraren sakoneko hareaharrietan aurkitu dituzte harizpi itxurako nanobioak. 20 eta 150 nanometro bitarteko diametroa dute. Bizirik baleude, biziari eusteko makineriak uste baino toki txikiagoa behar duela frogatuko litzateke. Orain arte ezagutzen den bizidunik txikienak, Mycoplasma bakterioak, 150-200 nanometroko tamaina du eta zelula-mintzik ez du.
Harizpiak aurkitu dituzten tokiaren egoera ez da txantxetakoa: 3 km-ko sakonera eta 150 °C-ko tenperatura. Egia esan, bizia gero eta ingurune bitxiagotan aurkitzen ari gara. Bakterioak 3,5 km-ko sakoneran eta 113 °C-ko tenperaturan bizi daitezkeela ezaguna da. Baina, nanobioak bizirik al daude? Queensland-eko ikerlarien arabera bizia adierazten duten zenbait saioren aurrean erantzun positiboa izan ei dute. Laborategi-giroan jartzean hazi egiten direla ematen du. Ekortze-mikroskopio elektronikoaren elektroi-sortaren aurrean urrundu egiten dira, zelula-mintz gehienen moduan eta emaitza positiboak izan dituzte hiru ADN-zunden aurrean.
Nanobioak bizidunak direnentz erabakitzeko ikerketa eta datu gehiago behar dira. Alabaina, aukera-sorta ederra zabaltzen du aurkikuntza horrek: filosofikoak, batetik, eta zientifikoak, bestetik. Bi galdera-motaok batera biltzen dira exobiologiaz mintzatzen hasten bagara. Izan ere, Antartikako ALH84001 meteorito martetarreko ustezko fosiletako batzuek 20 nanometroko diametroa baino ez dute. Beraz, biziaren mugak asko zabalduko lirateke Lurrean zein planeta urdinetik at.
Eta, beste alor batera joanez, nanobioak hurrengo ikarazko filmeko izarrak izan daitezke, hain txikiak izanik giza gorputzean oharkabean sar daitezkeelako.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home