Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/12/03

Eppur, si muove (1999-04-24)

Galileoren hitzak dira. Inkisizioaren aurrean xuxurlatu ei zituen, bere ideia zientifikoei uko egin ostean. Aurreko batean, hitz horiek jin zitzaizkidan gogora Estatu Batuetako aditu-talde batek bere gobernuari eginiko proposamenaren berri prentsan leitzean.
Injinerutza genetiko, bioteknologia edo klonazio terminoak ez dira neutroak, beste teknolekto batzuk ez bezala, elektroi edo argon kasu. Etika lotzen zaie sarritan. Izua eragiten diote gizarteari. Huxley-ren Bai Mundu Berria eleberri zoragarriaren ameskaiztozko gizartea errealitate gertu bilakatuta ikusten da. Feed-back positibo handirik ez dute eragiten, egia esan. Irudi txarra ematen dute.
Tamalez, komunitate zientifikoari ere erantsi zaio kutsua. Anitz dira bioloteknologiazko ikerketari muga jarri nahi dioten zientzialariak. Arrazoiak ez dira zientifikoak jakina; etika aipatzen da, baina izua ere bada.
Bide horretan, gorago aipatutako adituek giza enbrioien zeluletan eginiko ikerketak kontrola ditzan eskatu diote EEBBetako gobernuari. Ikerketen gaineko kontrol zorrotza eta fondo publikoen murrizketa aldarrikatzen dute. Enbrioiak nola lortzen diren da gakoa. Enbrioi-iturri zilegiak izugarri murritzarazi nahi dituzte, ia-ia bakarrera: antzutasunaren kontrako tratamenduetan baztertutakoetara. Hainbat batzordek ikuskatuko lukete prozesua eta, azkenik, diru publikoa eskuratzeko baimena iritsiko litzateke, iristekotan.
Enbrioiekin ikerketa egiteko traba handia, jakina; zelula amak lortzeko besteak beste. Zelula amak enbrioietatik edo fetu oso gazteetatik erdietsi daitezke bakarrik. Jakina denez, zelula amak ia giza ehun guztien prekurtsoreak dira; horietatik sortzen dira alegia. Beraz, zelulaok aztertuz, giza zelulak nola espezializatzen diren ikasteaz gain, ordezko giza ehunak osatzeko bidea aurki daiteke.
Gure aditu estatubatuar koitaduek Inkisizioko fraide eta abade dogmatikoak gogorarazi dizkidate. Lurrari geldi eusten saiatu ziren duela hiru mende eta erdiko 'egiaren jabeak'; oraingoak antzera ari dira, konturatzeke zientziaren gurpila higitu egiten dela, hala ere.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home