Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/11/25

Hautua eta patua (1999-04-17)

EITBko zuzendari berria izan dugu hizpide aste honetan. Kinielak kiniela, hautagai sendo bat jarri ei die EAJk beste alderdi abertzaleei mahai gainean. Prentsan argitaratutakoari jaramon eginez, ez dago oso garbi pertsona horren hautagaitzak bidea egingo duenentz. Edozelan ere, pertsona hori EITBko zuzendaritzarako proposatze soilak zer pentsatua ematen dit.
Hautagaiaren gaitasun profesionala eta dohain pertsonalak juzkatzeko lehen eskuko daturik ez dut. Erreferentzia onak ditut, hala ere. Ondorioz, arazoaren alderdi hori bazter lagako dut. Alabaina, hautagaiak ez omen daki euskaraz. Hori ezin dut bazter utzi. Euskararen normalizaziorako tresna moduan sortutako komunikabide batean ez da inondik inora bidezkoa zuzendari ez-euskalduna jartzea. Tamalez, ez da lehen kasua.
Euskaltzale baten ikuspegitik nabarmena da hautagaiaren desegokitasuna; enpresa-kudeaketaren ikuspegitik zentzurik ez du. Nola kudea eta zuzen dezake pertsona batek enpresa bat, enpresa horrek lantzen duen produktuaren zatirik handiena ulertzeko eta baloratzeko gai ez bada?
Bestetik, gizartea euskara normalizatzeko egiten ari den ahaleginean horrelako proposamena galga da eta, gainera, hipokresi zantzuak ikusten dizkiot nik. Zer irudi transmititu nahi da? Zein normalizazio-politikaren barnean koka daiteke EITBko kazetari bati euskaraz jarduteko gaitasuna eskatzea eta bere nagusi izan daitekeenari ez? EAJk arrazoi sendoak izango ditu hautagai hori proposatzeko, baina gogoeta egin al du proposamen horrek gizartean eragiten dituen ondorio negatiboez?
Dena den, hau bezalako kasuetan ez zaio bakarrik erakundearen jarrerari erreparatu behar. Pertsonarena berarena ere ez da bazter uztekoa. Izan ere, Euskal Herrian ardura-postu publikoak hartzeko paradan ibil daitekeen profesionalak bere burua euskaraz ez gaitzeak profesionaltasun eskasa darakusa; euskara ikastea bere esku egon baita. Profesioaren beste alderdiak landu eta sakondu dituen legez, euskara ere ikas zezakeen. Horrela ez egitea bere hautua izan da, ez, ordea, patuaren erabakia soilik; garbi esan dezagun.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home