Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/12/24

Sifilis txikia (1999-05-08)

Horrelaxe esaten diote ingelesez: smallpox hain justu. Euskaldunok Nafarroako Erresuman bilatu dizkiogu erroak itxura guztian. Baztanga edo nafarreri esaten diogu. Gaixotasun biriko hau Apokalipisiko zaldunetako bat izan da gizateriaren historian. Malariak soilik gaindituko du, apika. Egun oroitzapena da. Esaeretan gordetzen da, 'baztanga-pikatua' adibidez.
Azken baztanga-kasua 1978an gertatu zen. Osasunerako Mundu Erakundeak eritasuna desagertutzat jo zuen bi urte geroago. Txertaketa-kanpainek helburua lortu zuten eta baztangaz betirako libre gaudela pentsatzera bultzatu dute. Hala al gaude?
OMEren iritziz horrela da. Ondorioz, munduan dauden baztanga-birusen bi kultibo ofizialak, Errusian eta EEBBetan, suntsitzea proposatzen ari da aspalditik. Izan ere, birus horiek hilik bestelakorik ez litzateke Lurrean geldituko. Proposamenak adostasuna lortu zuen, baina laster hasi zitzaizkion oztopoak agertzen.
Hasteko, bi horiek al dira baztanga-birusen kultibo bakarrak? Arma biologikoak garatu diztuztenek ez al dute baztanga-birusik gorderik izango? Erabateko armak izan daitezke etsaiek beraienak suntsitu badituzte.
Bestetik, ezin al daitezke antzeko eritasunak etorkizunean agertu? Naturan baztangaren birusaren antzekoak daude, egunen batean gizakiarengana jauzi egin dezaketenak. HIESaren kasua hor dugu. Hori gerta liteke. Baztangaren kontrako txertaketarik ez da orain egiten eta horri HIVek eragiten duen sistema immunologikoaren ahulezia eransten bazaio...
Baztangaren birusak bizirik eta kontrolpean edukitzea onerako da. Bera edo antzekorik berpiztuko balitz, txertoak garatzeko lehengaia eskura izango genuke. Baztangaren birusak gordetzeko eta aztertzeko nazioarteko erakunde bat eratzea pentsa liteke.
Auziaren erabakia bide horretan dago, nik uste. OME oker dabil, ostera. Baztangaren birusa bizirik irautea jakinduri iturri izateaz gain segurtasun-balbula da. Gero eta gehiago dira hori pentsatzen dutenak eta, aurki, OMEk amore ematea ez litzateke harritzekoa.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home