Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/01/04

Tubingen (1999-05-15)

Alemaniako hiria, Baden-Wüttemberg landean, Neckar ibaiaren ertzean: 75.000 biztanle. XV. mendeko unibertsitatea; Kepler astronomoa, Holderling poeta eta Hegel filosofoa ikasle ospetsuenen artean… Honelako datuak emango lizkizuke edozein entziklopediak. Hiri atsegina, abegitsua eta maitagarria erantsiko nioke nik.
Bertan naiz gaur. Alemaniako nire atea izan zen duela urte batzuk. Ordurarte deus gutxi izan ziren Alemania eta bere kultura niretzako. Gerra-filmeak baino askoz ere gehiago ez: nazi memelo eta maltzurrak, badakizue. Zientzialari handi askoren sorlekua, halaber. 'Alemaniar berdin buru karratu' topikoa. Bekenbauer,… Urrun ikusten nuen. Ez ninduen erakartzen. Interesgabeak nituen hango hizkuntza eta kultura. Bizitzak makina bat buelta ematen ditu, ordea!
Korsikan, piztu zitzaidan Alemaniarekiko jakin-nahia. Nire kasa nenbilen. Alemaniar batzuk jaso nituen auto-estopean. Elkar ondo hartu genuen eta Mediterranioko irla liluragarri hori elkarrekin korritu genuen. Ingelesa izan zen gure lingua franca. Ez genuen komunikatzeko arazorik, baina egoerak harra piztu zidan. Hizkuntza arrotzez ari ginen guztiok. Ez nuen egoera gogoko, euskalduna izateagatik, hain segur; maizegi dantzatu behar izaten baitugu mihia arrotzek jotako soinuari jarraiki. Alemanieraz ikasteko promes egin nion neure buruari Mediterranioko ur gardenei begira. Nire lagun berriekin beren mintzairaz komunikatzeko gai bihurtu behar nuen.
Urte bete geroago, alemanieraz ezagutu nuen Alemania. Gobobetea sentitu nintzen. Hobeto ulertu nituen jendeak eta paisaiak. Bertakotu egin nintzen. Makulurik ez nuen behar karrikak korritzeko, erosketak egiteko, jendearekin mintzatzeko… Antzeko sentsazioak jasotzen ditut ezagutzen ditudan hizkuntzez mintzatzen diren tokietan. Zein etxeko sentitzen zaren!
Beraz, gure artera etorriz, euskaraz ikasteko ahalegina egiten ez dutenak ezin ditut ulertu. Makulu batekin, erren, norberaren herrian ibili beharra triste da, ezta?

0 Comments:

Post a Comment

<< Home