Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/01/10

Porlan berriaz (1999-05-22)

Egun denak ez dira berdin, zioen aspaldiko abesti batek. Izatez, egun guztiak desberdinak dira, baina azken bolada honetakoek badute zerbait komunean: ezohizko egunak bizi ditugu aspalditxo honetan Euskal Herrian. Euskaldunon Egunkariak larunbatero eskaintzen didan txoko honetatik begiratuta, ezinbestean, mirestu behar ditut hemendik aurrerako orriak osatu behar dituzten kazetariak. Bi egunez behin edo, urtekarietan agertzeko moduko albisteak gertatzen ari dira geurean eta, bertigoari eustea lortzen dudanean, behintzat, garai historikoan bizi garela ohartzen naiz. Aste honetan bertan, adibidez, egun berean eta ordu berean geure etorkizunarentzat funtsezkoak izango diren —diren, esan beharko nuke— bi gertakari izan dira.
Asteartean PNV-EAJ, EA eta EH alderdiek legealdi honetarako oinarrizko adostasun-testua hitzartu dute, bizi garen garai honetarako zutarri izango den lankidetza-giroa hitzez jasotzen duena. Egun berean, ordu berean, "Bai Euskarari Akordioa" izenpetzen ari giren Hego Euskal Herriko 647 eragile sozial; euskal gizartearen oinarri-oinarrizko egiturak, beraz, euskararen normalizaziorako urrats ausarta, ilusioz beterikoa egiten ari ziren. Bigarren jazoera hau aurrekoa baino irispide luzeagokoa iruditzen zait, ez baitago unean uneko koiuntura politikoaren menpe eta inguruko baldintza sozio-politikoek eragingo badiote ere, luze irauteko xede garbia adierazten duelako. Alderdi politikoek sinatu dutena ere molde berekoa izatea nahi nuke, noski, baina ez da hori antzematen hain erraza. Tamalez, euskararen aldeko pauso historiko honek ez du dagokion eta zor zaion entzute mediatikoa lortu eta beldur naiz ez ote den ia oharkabean pasatuko.
Halakoxea da gure Euskal Herria, paradoxaz beterikoa. Euskararen aldeko puntuak izenpetu dituzten alderdiek ez dute kontuan izan gizarte-mugimendua azken hilabete hauetan jorratzen ari den prozesua, eta aintzat ez hartze horrek berez dagokion protagonismoa kentzea eragin du. Nire irudiko, gertatu denak kalte handia egin digu gizarteak bere egitura politikoekin, eskuz esku, lan egin behar duela aldarrikatzen dugunoi. Ez al zen hori eraikuntza-lan honetan behar genuen porlan berria?

0 Comments:

Post a Comment

<< Home