Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/03/12

Erosi beharko det citroen berriya! (1999-07-10)

Trafikoa hizpide izaten da egunero komunikabideetan. Halako istripua, asteburuetako datu beltzak edota trafiko-arduradunek eginiko sentsibilizazio-kanpainak. Trafikoa aztergai izan du Osasunerako Mundu Erakundeak duela gutxi Londresen buruturiko konferentzia batean.
Istripuak, zauritakoak eta hildakoak izan dituzte aztergai; ohizkanpoko ikuspegi batetik baina. Izan ere, ibilgailu-trafikoak jendearen osasunari nola eragiten dion aztertu dute. Gauza jakina da, halaber, hirietako giro poluitua ez dela osasunerako onuragarria, guztiz kaltegarria ostera. OMEk emaniko datuek hori baiesteaz gain, zer pentsatua damaite.
Austrian, Frantzian eta Suitzan eginiko azterketa baten arabera, trafikoak sortutako poluzioak trafikoak berak baino pertsona gehiago hiltzen ditu estatu horietan. Trafikoak hamar mila lagun inguru akabatzen ditu urtero; trafikoak sortutako poluzioak, bestetik, 21 bat mila lagun hilarazten ditu. Horri, gainera, 300.000 haur-bronkitis, infartoek eragindako 15.000 ospitaleratze eta 500.000 asma-urgentzia erantsi behar zaizkio.
Trafiko-istripuak deigarriak dira. Morboa eragiten dute. Odolak interesa pizten du. Denok jiratzen dugu burua bide bazterrean txiki-txiki egindako autoa ikusten dugunean. Poluzioak ordea astiroago egiten du lan. Bat-batean ez eta epe luzera igertzen da. Eragiten dituen minbiziak gainerako kartzinogenoen estatistiketan izkutatzen dira. Ikuskizunik ez du eskaintzen.
Horregatik, apika, asko hobetu dira errepideen egoera, automobilen segurtasun-neurriak eta handitu dira admistrazioaren kontrol-ahaleginak. Bizkitartean, gibelarago gelditu dira trafikoa murrizteko neurriak, emisioak gutxiagotzeko sistemak, erregai fosilak ordezkatzeko erregaien garapena edo garraio-sistema berrantolatzeko proposamenak.
Halaber, Karbono(IV) oxidoen emisioak direla eta, Europak ez du Kiotoko Konferentziako konpromisoa beteko. Emisoak % 8 gutxiagotu ordez beste horren beste handiagotuko ditugu.
Nora goaz? Hitzez oso berde gara, baina egitez…

0 Comments:

Post a Comment

<< Home