Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/01/28

Estatistika (1999-06-05)

Zientzia zehatza dugu estatistika, matematikaren tresneria baitu erreminta. Kontraesana gordetzen du, hala ere. Datuak biltzeko eta irakurtzeko bideak ematen dizkigu eta datuok zuzenak eta zehatzak izanik ere, irakurtzeko usatzen ditugun betaurrekoek modu batean ala bestean jantziko dizkigute datu horiek. Janzkera, ostera, zarpaila izaten da sarri.
Horren lekuko Europako komunikabideetan ibili den notizia. Izan ere, telefono mugikorra erabiltzea eta garuneko minbizia garatzea lotzen ei dituzten bi azterketa zientifiko tituluetan ibili dira: telefono mugikorrek minbizia sortarazten dute. Datuei erreparatuta, ostera, trikimailu estatistikoa baino ez da.
Suedian garuneko tumorea duten 209 lagun eta kontrol moduan minbizirik ez duten 425 pertsona aztertu dituzte. Azterketa horretan ez da, oro har, erlaziorik ikusi garuneko minbiziaren eta mugikorren artean. Hala ere, 'segapotoaren' erabiltzaileek tumorea 'telefono-belarriaren' ondoko lobuluetan garatu duten neurri handiagoan: kontrol-taldekoena baino 2,5 bider gehiago. Lotura itxura badago eta horri heldu dio prentsak itsumustuan. Alabaina, horrelako oso kasu gutxi daude (hamahiru baino ez) eta estatisitikaren ikuspegitik, ez dago esaterik tumoreak pazientea telefono mugikorra baliatzearekin loturik dauden ala datua estatistika-artefaktua den. Estatu Batuetan egin beste azterketa batean antzeko ondorioetara ailega daiteke, bestetik.
Bi irakurketa egin daitezke gertaera hauei buruz. Informazioaren gizartean bizi gara. Herritarrak erabakiak hartzeko informazio zehatza eta egokia behar du. Beraz, zientzialariek beren lanen berri eman behar diote gizarteari. Alabaina, informazio osoa eta adierazgarria izateaz gain (eta ez da hau kasua nik uste) ulertzeko eta baloratzeko moduan eman behar diote. Alferrik bestela!
Bestetik, arriskuaren beldur den gizartean bizi garela berriz ere agerian gelditu da eta baita komunikabideak jarrera hori nola haizatzen duten ere. Mundua toki arriskutsua da, izatez. Hortaz, arrisku-iturri handiez arduratzeak dirudi zentzuzkoena; ez, ordea, estatitistikaren irakurketa desenfokatuak sortuako mamuez.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home