Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/04/02

Postdata

Urte bete pasatxo ibili naiz nireseiko hau elikatzen, 2005eko martxoaren 9an hasi bainitzen. Gaur bota dut atzena. Lizarra-Garaziko garai itxaropentsuetan idatzi nituen. Geroago etorri ziren berunezko urteak. Orain berriz ere esperantzari lehioa zabaldu diogu eta, antza, behin-betiko izango omen da. Hala bedi!

Nire apunte hauek oharkabean pasa direla iruditzen zait. Ez dut gogoan inork komentariorik egin didanik. Ez zen oharrak jasotzea asmoa, garai bateko lekukotasuna ematea baizik, Del Olmo izkutatutako hori berreskuratzea memoria historikoa ez ezabatzeko.

Baditut, Egunkarian idatzitako beste zutabe batzuk hor gordeak, Izarren Hautsa izenekoan idatzitakoak. Dudan nago horiekin zer egin: beste blog bat zabaldu, honi erantsi edo Izarren Hautsa izenekoan publikatu. Ikusiko dut.

Mila esker irakurle.

Hamaika ikusteko jaioak gara! (1999-07-31)

Tourra amaitu berri da eta dopin-kontrolak hizpide izan ditugu komunikabideen kirol-tarteetan. Ohituta gaude horrekin. Hala ere, harriagoa gertatzen zaigu antzeko kontrol sistematikoak beste alor batzuetan ere aplikatzen direla jakitea. Leitu berri dudanez, EEBBetako enpresa handien % 80k droga-kontrolak egiten dizkie beren langileei. Kirolariek bezala enpresa horietako enplegatuek gernu-analisiak pairatzen dituzte ustegabean.
Produktibitatea da, noski, horren aitzakia. Izan ere, EEBBetan eginiko azterketa baten arabera, enpresen produktibitatean 14,2 milioi dolar galdu ei ziren 1992an drogak hartzearen eraginez. Beraz, enpresek –dirua dirua da eta– langileen ohiturak kontrolatzeari ekin diote eta industria berri indartsu bat sortu da EEBBetan: droga-testak egiteko enpresak.
Zenbait lanbideetan horrelakorik egitea uler daiteke eta, apika, beharrezkoa ere bada: hegazkin-pilotoen kasuan, adibidez. Baina, zein zentzu du horrelako praktika zabaltzeak gizarte-kontrola ez bada? Etikoki zuzena denetz at utzita, horrelako kontrolek langiro desegokia sortzeko bidea dira, beldurra eta konfidantza-eza medio. Ebidentzia garbirik ba al dago porrua lantzean behin erretzen duen pertsona langile eskasagoa denik? Ez dirudi. Eta bestetik, droga-arazo larriak dituen pertsonari egin dakiokeen kalterik handiena lana bat-batean galtzea da, arazoa gainditzeko atea ixten zaio eta.
Halaber, eta drogak kaltegarriak direla onarturik ere, enpresak horrelako sokatik tiratzen hasten badira, non egongo da muga? Kontrolatzen hasita, enplegatuen aste buruetako tragoak kontrola daitezke, astelehenean zaldi urdina arrapaladan ibil ez dadin edota txuleta larregi jaten duten, kolesterolak hezurreri krisiak eragin baititzake edota putanerrik ba ote dagoen plantilan purgaziorik edo gaitz larriagorik harrapatzeko arriskua neurtzeko edota besaulkirola baino kirol arriskutsuagorik egiten duten, ez dezaten orkatila bihurritu korrika dabiltzanean eta baja hartu…
Zentzugabea, ezta? Bada, argi ibili, guganaino iristeak ez ninduke harrituko eta.
Gaizki esanak barkatu. The end.