Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/06/14

Gutun bat eta PS bat (1998-12-25)

Sadam Hussein, diktadore hori:
Aitortu behar dizut, lehen-lehenik, ez nauzula lagun. Besteak beste, ezin dizkizulako bakartu kurduei egin dizkiezun erasoak eta zein koldar tratatu dituzun; are gutxiago arma kimikoz haur, gazte, gizon eta emakumeak erasotzea. Ez dizkizut onartzen, era berean, urtetan zehar EEBBen morroi-lanean eginikoak, Iranen kontrako gerra esaterako.
Hala eta guztiz ere, elkartasunezko gutuna duzu honakoa hau. Kontuz! Ez pentsa elkartasuna zuri adierazten dizudanik, zure mendean duzun herriari baizik. Zure errejimen diktatorialaren ondorioak nahikoa sufrimendu eta arazo ez ziren, itxuraz, eta misil moduan etorri zaie Osaba Sam-en gabonetako oparia.
Clinton hori, bestetik, zure moduko laguna da. 'A ze parea, karakola eta barea' esango lukete gure etxean. Zuk bera usatzen duzu zure herriaren patu gaiztoa justifikatzeko eta berak zu erabiltzen zaitu txistu-joaldi batzuen penitentzia zuritzeko. Eta, beti bezala, umilenak eta pobrenak kitatzen dituzte nagusien bekatuak.
Zuek biok egunkarietako titularretatik desagertzea espero dut. Baten batek pentsa lezake, ez zintuzketedala maila berean ipini beharko biak, zure ekintzak Clintonenak baino doilorragoak izan direlako. Egia esan, Irlandako bake-prozesua egoki bideratzea nton-en ahaleginari zor diogu neurri adierazgarri batean. Bere aldeko puntua da hori. Palestinako bake-prozesuan bestetik ez du horrelako eraginkortasunik izan eta ez ditu zure herriarekin hartu dituen jarrera gogorrak israeldarrekin hartu. Ez al ditu, bada, Israelgo gobernuak zuk baino gehiagotan urratu NBEren erabakiak eta hartutako bake-konpromisoak? Zer desberditasun dago zuen bion artea? Nabarmena, adixkidea: zu indargea zara, ezin diozu Osaba Sami kalterik egin eta berak soldadu bat bera galdu gabe txiki zaitzake. Gainera, Estatu Batuetan irakiarrik badago, ez du lobby indartsurik eratuko, ez du diruaren indarra izango eta, hain segur, paria bat baino ez da izango. Alde ederra, ezta?
Parean jartzen zaituztet hipokresia eta zinismoa indarkeria hutsaren eta basatikeriaren maila berean jartzen ditudalako. Biak dira bekatu larriak. Beraz, zu zerori eta Clinton infernu bera merezi duzuen, nahiz eta zu otso odoltsuaren mozorroa erabili eta berak gizaseme zibilizatuarena.
Zoaz pikutara,


PS Gaur XXI. Mendeko Akordioa: Bai Euskarari kanpainaren emanaldi erraldoiera joatera animatu behar nituen euskaltzaleak. Agindu hori neukan. Lumak beste norabait eraman nau, ordea. Alabaina, Agileran, Anoetan, Mendizorrotzan, Sadarren eta Sanmamesen ikusiko dugu elkar. Euskarak behar zaitu, Osaba Samen, berriz, ez.