Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2006/02/28

Domun (1999-07-03)

Gure ume garaian udazkeneroko errituala zen Domun delakoa. Asia eta Afrikako pobreentzat biltzen ei zen dirua eta hor zehar ibiltzen ginen txinatar edo afrikar baten burua irudikatzen zuen itsulapiko batekin eskean. Ilusio handiz ekiten genion umeok lanari munduko gosea pairatzen laguntzen genuelakoan.
Domuna ekarri dizkidate gogora Budapesten burutu berri den Zientziari buruzko Mundu-konferentziaren inguruan plazaratu diren datu batzuek. Zientzian eta teknologian ere garapen bidean dauden herrien limosnaren menpe bizi direla azaltzen baitute datuok.
Zientzia eta teknologiari barne-produktu gordinaren zein zati esleitzen zaion erreparatzen badiogu, nabarmena da lehen eta beste munduen arteko leizea. Gu airos gabiltza munduko batez bestekoaren gainetik (% 1,4 hau berau), planetako estatu gehienak ez dira BPGren % 0,3ra iristen. Zientzia eta teknologiarako diruak huskeria dira Latinamerikan, Saharatik Hegoalderako Afrikan, Asiako Hegoekialdean edo herri arabiarretan. Bidenabar, gu euskaldunok askoz hobeto bagabiltza ere, % 1,2 baino ez da gure gaurko egoera.
Garapen bidean dauden herrietan zientzia eta teknologian inbertitzen den diru-kopuruaren urritasuna bezain inportantea –eta, aldi berean, kezkagarriagoa– diru horien jatorria da. Diruak herri horren beraren aberastasunetik sortu beharko litzateke. Ez da hori kasua. Garapen teknologikoan inbertitzen den diruaren % 60 baino gehiago atzerriko kredituetan edo diru-laguntzetan du jatorria. Ugandak du marka: % 98. Menpekotasun erabatekoa ekartzen du horrek. Menpekotasun horrek noski erro historikoak ditu, kolonialismoaren garaian sustraituak. Mekanismo berak lan egiten du. Atzerriko diruak ez du bertako zientzi eta teknologi sarea indartzen, iraunarazi baino ez du egiten. Aski da zientzialari- eta teknologo-elitea sortzeko, gero garai bateko metropoliak zurgatuko duena lehen esklaboekin edo eskulanarekin egiten zuen antzera. Datua: 1992an Afrikan 20 bat mila zientzialari eta injineru bakarrik ei zegoen, munduko guztien % 0,36.
Budapesteko konferentziari buruzko informazio gehiagorako webgune hauetara jo dezakezue: www.unesco.org eta helix.nature.com/wcs

2006/02/19

Zentsura eta zientzia (1999-06-26)

Zentsura ez da gustuko hitza gure gizartean. Zentsura, dena dela, nonahi daukagu, geure burua zentsuratzeko joeran besterik ez bada ere. 'Seiko' hauek idazten, esaterako, lotu behar izan ditut hatzak eta iritziak kamustu komenientziaren izenean, beti ere. Komenentzia pertsonala edo instituzionala, berdin dio. Egoneza eta oroitzapen mingotsak ondorioz.
Zientziak ere ezin du zentsura gainetik kendu, giza obra den heinean. Forma batzuk nabarmenak dira: Galileok eliza katolikoaren eraginez pairatutakoa edo genetista sobietarrek Lisenko hitzontziaren teorien ondorioz jasandakoa. Zientzi sistemak ere eragiten ditu ideia iraultzaileak jaulkitzen direnean. Galdetu, bestela, bere buruaz beste egin zuen Boltzmann-i edota ospea galduta zendu zen Wegner-i.
Zientziaren zentsura lausoagoa da, oro har. Inkisizioa eta sobietarren lan-eremuak muturreko kasuak baino ez dira. Ideia berriak ez onartzea, ikuspegi iraultzaileak barregarri uztea edo zientziaren estatusa kolokan jar dezaketen teoriak erokeriatzat jotzea jokaera ohizkoagoa da. Aldizkari ospetsu batean artikulu bat ez onartzea bezain zolia izan daiteke zientziaren zentsura.
Eta ikerketa bideratua ez al da zentsura-mota bat? Hor ditugu tabako-konpainiak. Zer dirutza erabili dute tabakoaren arriskuak minimizatuko dituen datu zientifikoen bila? Eta datu negatiboak izkutatu dizkigute gero. Hor arrisku handia dago, zientziaren etikarekin tupust egiten duena nolabait. Zientziaren garapenak, zientzia egiteko diruak alegia, erakundeenganako gero eta menpekotasun handiagoa du, erakundea publikoa zein pribatua izanik. Norberari jaten ematen dion eskuari hozka egiteko adore handia behar da eta zientzilariek, industria nuklearrean edo injinerutza genetikoan lan egiten dutenek besteak beste, presio korporatibo handiak jasan ditzakete beren ikerketaren emaitzak norabide jakin baterantz makur daitezen.
Zentsura eta zientzia. Eztabaida luzea izan daiteke. Informazio gehiagorako jo helbide honetara: http://www.indexoncensorship.org.

2006/02/12

Burbuilarik ez, mila esker (1999-06-19)

Coca-Cola biziaren irribarrea omen marketinaren esanetan. Tripako negar bihurtu berri zaigu Belgikan, ostera. Zuhaitz eroriari orok egur, jakina. Dioxinaren dantzalekutik desinfektagarrien dantzalekura aldatu zaigu elikagai-pozoitzearen mamua. Aurreko asteko galdera berdinak jaulki ditzaket gaur ere lerro hauen bidez. Horrelakorik ez dut eginen. Batetik, ez dut irakurlea nekatu gura eta, bestetik, 'biziaren irribarrearen' kasuak bestelako balio erantsia duelako.
Hasiera-hasieratik aitortuko dizuet. Poztu egin naiz Coca-Cola eta enparauak surpermerkatuetako apaletatik kendu dituztenean. Apalategi hutsak kolazko freskagarriz betetakoak baino ederragoak iruditu zaizkit. Pena eman didate, noski, komuneko eserlekutik ospitalera zuzenean eraman dituzten gaixoak. Hala ere, denok buruan daukagun deabrutxo gorri txiki horrek 'merezi ditek' esaten zidan 'horrelako litxarkeriak edateagatik'.
Egia esan, ez naiz neroni inoiz freskagarri burbuiladunen oso zalea. Txikitako lezioen ondorioz, akaso; horrelakoak eskatutakoan gurasoen 'egarriz bahago, ura edantzak' erantzuna memorian txertatuta baitaukat. Gure gurasoek edariaren balio dietetikoari baino, poltsikoaren urratuari begiratzen zioten, hain segur, erantzuna emateko unean. Hala ere, arrazoirik ez zitzaien falta. Zer eransten diote fruta-erauzkin apurrek, koloratzaileek, azukreak eta gas karbonikoak gure dietari? Sabela puztea eta alferrikako kaloriak eranstea.
Gure seme-alaben zoramena dira, bestetik. Belanauldien arteko kontraesana! Eta gurasoontzat tentaldia: ukatu zitzaiguna gure ondorengoei ematea. Ez dugu asmatzen erraza. Atrebentzia handiegia bada ere, aholku bat emango dizuet: gure gurasoek egindakoari erreparatu eta iturria ireki, baso bat ur freskoz bete eta eztarria bustitzeko zerbait eskatzen duenari luzatu. Burbuilak, geureak bezala, festetan bakarrik.

2006/02/05

Dioxina (1999-06-12)

Kimikariok 2,3,7,8-tetrakloro-p-dioxina esaten diogu orain arteko ospetsuenari edo TCDD laburtzeko; komunikabideek dioxina. Dioxinek, hala ere, konposatu-familia ugaria osatzen dute.
Konposatu kuriosoa dioxina: hainbat intsektiziden produkzioko albo-produktua da eta material klorodun askoren errekuntzan sorturikoa. Sodio zianuroa baino 100.000 bider pozointsuagoa, teratogenoa (fetoengan malformazioen sortzailea), kantzerigenoa eta larruazaleko narritadura larraiak (kloroaknea) eragiten ditu. Italian utzi zituen arrasto mingarriak duela hogeita bi urte (Seveso, 1977). Belgikan berri gaur egun. Gure dioxina ala besteren bat, baina?
Asaldatuta dabilkigu iritzi publikoa. Arrazoi osoa du. Dioxinaz kontaminatutako pentsuen auzia ez baita ahuntzaren gau erdiko eztula. Guztiok egin diogu gure buruari galde: jan al dut nik Belgikako haragirik azken aldian? Eta erantzunik zuzenik ez dugu. Auskaloren hegalpean babestu behar dugu.
Zer jaten dugun ba al dakigu? Supermerkatuko apaletatik plastikoan bilduta hartzen dugun okelaren atzean zer dago? Auzoko betiko harakinari erosten dioguna fidagarriago al da? Hor dabilzkit galderak buruan eta ez naiz arrapostua ematera ausartzen. Beste kezka batzuk etortzen zaizkit trumilka behi eroen sindromea edo koltza-olioaren iruzurra.
Janaridenden apalak elikagi eta jakiz mukuru bete ditugu. Urrutitik ekarritako janari exotikoak gure baserrietako azekin nahasian. Non aukeratua bai. Zeren kontura? Teknolgiaren aurrerabideak, nekazaritza-eta abeltzaintza-sistema berrien ezarpenak hain justu, demokratizatu egin dute janarien eskaintza. Ugaritu egin dute mokaduen sorta eta merkartu aldi berean. Alabaina, arriskua ekarri dute beraiekin. Nekez kontrolatzen dugu jaten duguna. Aralarko axuria jaten ari garen ustean, Zeelanda Berrikoa zerbitzatu digute jatetxean merkeagoa delako edo; negurik hotzenean tomateak eta letxuak ditugu platerean…
'Orain belazerik gabe hazi liteke ganadua' dio nire baserritar ezagun batek. Hori posible egin du teknologiak eta onerakoa izan daiteke baldin eta teknologiaren eta naturaren artean oreka-puntua aurkitzen badugu. Bestela, pozoitzearen mamuak dantza egingo du berriz ere.