Nire seiko urrea

Del Olmo epaileak Euskadunon Egunkaria itxi zuenean kazeta horretan publikatutakoa amaraunetik desagertu zen. Bitakora honetan 'Seiko Urrea' zutabean idatzi nituenak jarriko ditut memoria berreskuratzeko asmoz eta, aitor dezadan, exhibizionismo poxi batez

My Photo
Name:
Location: Alkiza, Euskal Herria

2005/10/26

Tximeleta-efektua (1999-03-13)

Ekologoen artean ibili badabil gutxi gorabehera honela dioen esaldia: 'tropikoetako tximeleta baten hegokadak EEBBetako hurrengo hilabeteetako klima aldaraz dezake'. Tximeleta efektua esaten zaio eta, nolabait, natura osotasuna dela eta guzti guztia elkarri lotuta dagoela adierazi nahi da.
Alboko efektu hori ez da ohizkanpokoa. Eskuarki, teknologia jakin berri bat abian jartzen denean, aurreikusi gabeko ondorioak agertarazten ditu erabilerak. Idatzita dago, antza.
Ring! Ring! telefonoak jo du. Jakako poltsikoan eskua sartu, telefonoari oratu eta belarrira hurreratu dut. Gero eta usuago egiten dugun keinua. Alta, keinu horrek astronauten bizia arriskuan jar lezake laster.
Zer ba? Irakurleak sinesgogor. Telefono higikorren belaunaldi berriaren kariaz. Orain gogaitzen gaituzten horiek 'mendien edergarri' jarritako errepikagailuetara bidaltzen dute seinalea eta horien bidez iristen zaio hartzaileari. Tartean, kontinenteen arteko lotura nahi denean, sateliteak baliatzen dira. Hortaz, satelite gutxirekin mundu-mailako hedadura lortzen da.
Atzen belaunaldiko sakeleko telefonoek, aitzitik, zuzen-zuzenean konektatzen dira sateliteekin. Ermutik Eibarrera deitzean satelitetik igarotzen da seinalea. Orbitan 70 bat satelite ipinita mundu-mailako hedadura lortzen da. Horretan dabil oraintxe Iridium enpresa. Eta atzetik hiruzpalau gehiago jarraituko zaizkio. Satelite-sarea merkea izatearren, sateliteak 'erabili eta bota' motakoak izango dira eta bi urtean behin aldatu beharko dira. Usatutako sateliteak zabor espazial bilakatuko dira eta Lurraren orbitan metatutako zabor-kantitatea biziki emendatuko da. Eta zabor metalikoa arriskua da espazioan.
Zer egin? Inoiz ez debekua. Protokolo ekologiko bat bultzarazi beharko litzateke espazioan ere, besteak beste satelite-kopurua mugatuko lukeena, sateliteen kalitatea hobearazi lukeena eta hondakinak minimizatzeko bideak landuko lituzkeena. Izan ere, satelite bidezko telefono-sarea oso ekologikoa izan daiteke Txina bezalako estatu handietan, paisajea errepikagailuz jostea baztertuko bailuke.

2005/10/18

Transgenikoak (1999-03-06)

Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoan begiratzen badugu hauxe dio: 'transgeniko. izond. BIOL. Ezaugarri berriak izateko material genetiko berria txertatu zaion izakiaz esaten da'. Hamaika hitz eta nolako zalaparta sortu den! Komunikabideetan burrunba itxura aldrebeseko izenondo honekin. Berari buruz eztabaidatu dute eta mikaztu dira munduko estatuetako ordezkariak Kolonbiako Cartagenan eginiko batzarrean. Bidenabar, goi-bilera hau ere hasi bezala bukatu da: denak etxera deus erabaki barik.
Elikagai transgenikoen merkaturatzea izan dute mintzagai, material genetiko arrotza txertatuta duten elikagaiak, hain justu. Zer dute berezi elikagai horiek? Har dezagun artoaren adibidea. Bioteknologiaren tekniken bidez artoari ezaugarri bereziak eskuratzea ahalbidetzen dion material genetikoa txertatzen zaio. Material genetiko horrek eman dakizkiokeen ezaugarriak mota askotarikoak izan daitezke, gaixotasun batekiko immunitatea ematea, esaterako. Arto hori gerorrek edota etxeko abereek janen dute.
Honaino orok onerako dirudi. Zein da, alta, arazoa? Artoari transferitu zaion material genetiko hori egonkorra ote den. Alegia, ez dakigu material genetikoa artotik bere kabuz beste bizidun batzuetara pasako ote den eta horiengan ondorenik izango ei duen.
Troiako zaldia sartu ote dugu naturan? Ekologista eta aditu nahikotxo batzuen iritzian, bai. Izaki transgenikoak lortzeko erabiltzen ari diren teknikak oso berriak dira. Transgenikoak etorri berriak dira lurrera. Beraz, epe luzean bildutako informaziorik ez dago transgenikoek txertatuta daukaten material genetiko arrotzaren jokabideaz naturan libre uzten denean. Beste izakiei transferitzeko arriskua hor dago. Egia esan, material genetikoaren balizko transferentzia ez dirudi oso posible. Alabaina, jazo omen da saio batean edo bestean: patata transgenikoz elikatutako arratoi batzuen kasuan, argitaratu berri denez.
Teknologia berriek arrisku berriak onartzera garamatzate, baina, kasu honetan, zentzuzkoagoa dirudi Troiako zaldia harresitik kanpo edukitzea, barruan zer duen jakin arte bederen.

2005/10/12

Ilargi Amandrea (1999-02-27)

Neil Armstrong-ek 'that's one small step for a man, one giant leap for mankind' jaulki zuen une hartatik hogeita hamaika urte beteko dira laster. Gizakion amets ero bat errealitate bihurtu zen, estatubatuarraren botak Ilargiko hautsak lehendabizikoz urratu zitutenean. Beste batzuk jarraitu zitzazkion, baina pasa dira jada hogeita zazpi urte atzen astronautak Lurra gure satelitearen horizontetik agertzen ikusi zuenetik.
Ahaztuxea izan dugu Ilargi Amandrea harez gero, nahiz eta gizakion obrak, sobietarren Lunak edo estatubatuarren Klementina, bisitari izan dituen. Urrunago jarri ditugu begiak eta ametsak. Planeta gorriak, gerraren jainkoak, liluratu gaitu. Haren nagusi izan nahi dugu eta urratsez urrats ari gara bide horretan: oraindik orain bidalitako zundak lekuko.
Zergatik utzi dugu bazter Ilargia? Eman al ziezagukeen guztia eman al digu? Jakina ezetz! Giza kolonia iraunkorrak jartzeko astrorik errazena da halaber. Gertu (hiru eguneko bidaia), komunikazio erraza (ia aldiberekoa), debaldeko energia (fotovoltaikoa), ura (itxuraz), baliabide interesgarriak (helio-3), etab. Gizakia Martera iristeak, aitzitik, bistako oztopoak ditu: bidaia luzea (urte eta erdiko joan-etorria), komunikazio zaila (10 minutuko atzerapena), etab.. Zentzuzko galdera dirudi, beraz, zergatik goazen Martera itauntzea. Ez al litzateke egokiago izango lehenik Ilargian giza baseak eta koloniak ezartzea eta ostean Marte itutzat hartzea? Litekeena, baina ez gara hori egiten ari.
Zergatik? Erantzun on asko egon litezke, ezagutza handitzeko aukera besteak beste. Alabaina, neronek beste toki batean ere ikusten ditut atzen arrazoiak: liluran eta abenturan. Ilargia ez da jada atzen muga, hori egina baitago. Marte, ostera, abenturarako hurrengo muga naturala da, deiadar egiten diguna eta, nekez, saihets dezake giza naturak dei hori.
Marteren lilura, gainera, nork ez du sentitu? Edgar Rice Burroughs-en printzesa eta gerrariek fantasiazko mundu txundigarri batera eraman gaituzte. Fredric Brown-en martetar alu adarjoleak tripak urrarazi dizkigu. Bradbury-ren kronikak…