Oporren ataria, (1999-07-24)
Oporren atarian gauden honetan lan-mudua izango dut mintzagai. Izan ere, Irizar kooperatibak bertan garatzen ari diren euskararen erabilera areagotzeko planaren aurkezpena egin berri du. Euskara lan-munduan integratu behar dela dabil aspaldion hitzetik hortzera. Alabaina, zergatik euskara-planak enpresa munduan?
Bi ikuspegitatik arrazoi daiteke planen beharra: Ikuspegi soziolinguistikotik zein enpresa-kudeaketarenetik. Euskaltzalearen ikuspegia dateke lehena. Orain arte gizartean, hezkuntz sisteman bereziki, eginiko ahaleginaren jarraipen naturaltzat joko du, normalizazioaren bidean beste urrats bat. Beren ikasketa-prozesu ia guztia euskaraz burutu dituzten tituludunak sartzen ari dira lan-merkatuan, baina lan-munduan murgiltzen direnean, gaztelaniaz ari den mundu batekin egiten dute topo. Pertsona horiek enpresan euskaraz aritzeko ahalegin pertsonala egiten badute ere, enpresa-egituren ohitura eta prozeduren itsasoan disolbatzen diren ur-tantak dira. Beraz, enpresa-mundua euskaldundu nahi bada, enpresa osoaren ahalegin koordinatu eta zehatza behar da. Funtzio horiek betetzen dituzte euskararen erabilerako planek.
Bestetik, enpresa-kudeaketaren eredu berriek argi eta garbi adierazten dute enpresaren balioa ez dagoela soil-soilik giza kapitalarekin edo produkzioarekin lotuta. Enpresaren benetako balioa neurtzeko aipatutako bi faktore horiei beste faktore batzuk erantsi behar zaizkie, balio ukiezinak dira horiek.
Balio horien artean enpresa kokatuta dagoen gizartearekiko integrazio-maila dago eta, jakina, Euskal Herrian gizartearekiko integrazio egokia nahi duen enpresak hizkuntz kudeaketaren faktorea kontuan hartzea ezinbestekotzat du.
Elhuyarren azken 10 urtetan horrelako planak kudeatzen pilatu dugun esperientziaren arabera euskararen erabilera-planak abian jarri dituzten enpresek hiru ezaugarri nagusi dituzte: enpresa-kudeaketaren ikuspegitik eredu izatea, dinamismoa eta beren sektoreetan liderrak izatea. Ez dut uste kasualitatea denik euskarekiko jarrera ere positiboa izatea. Zorionak guztiei.